}

Larri-larri lortu zen akordioa Marrakexen

2001/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Marrakexen egin den Klima Aldaketari buruzko VII. Konferentzia azken mementoko akordioarekin amaitu zen. Akordioa erraz lortuko zela uste zen, baina Japoniak, Kanadak eta Errusiak, batak bestearen jarraian, onartezinak ziren hainbat eskakizun jarri zituzten mahai gainean eta, azken ordura arte, irtenbide egokirik gabe egon ziren. Azkenean, Japoniak atzera egin zuen eta Errusiako oihanen xurgatze-gaitasuna 33 megatoneladan finkatzea onartu zuen Europako Batasunak. Horrela, akordioari bide eman zion.

Konferentziaren amaieran pozik agertu ziren 180 herrialdeetako ordezkariak Kiotoko protokoloa azkenean martxan jarriko delako. Baina konferentzia horietan lehendik onartutakoa berretsi baizik ez dela egiten eta kasu batzuetan atzerapausoak ere eman direla salatu dute aditu batzuek. Gainera, gogoratzekoa da Estatu Batuek ez dituztela hitzarmen horiek sinatzen, eta, beraz, munduko poluitzailerik handienak bere bidetik jarraitzen duela. Aurten, Estatu Batuen gas-jaurtiketak azken hamarkadako igoerarik handiena izan dute; % 3,1ekoa, hain zuzen ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia