Lanean hasi eta galaxiak dantzan harrapatu

Hilabete eman du Hubble espazio-teleskopioak irudirik bidali gabe, arazo tekniko bat zuela eta. Astronomoek ez dute lortu arazoa konpontzea, baina bai espazio-teleskopioak dituen ordezko tresnak martxan jartzea, eta Hubble berriz ere lanean hastea. Lehenengo emaitza Arp 147 deritzon galaxia-pareari ateratako argazkia izan zen.

Ikus daiteke irudiaren eskuineko galaxiak eraztun-itxura duela. Ez da galaxia horren berezko forma. Irudia jaso zuten astronomoek azaldu dutenez, bi galaxia horien grabitate-eremuek elkarri eragiten diote, eta, antza denez, irudiaren ezkerreko aldean ageri den galaxiak eskuinekoa zeharkatu zuen, eta horrek eragin zuen galaxia batek eraztun-itxura ematea besteari.

Eraztuna urdina izateak adierazten du han izarrak sortzen ari direla. Bi galaxien talkaren eraginez, dentsitate handiko uhin-formako eraztun bat sortu zen, eta uhin hori kanporantz mugitzen hasi zen, harri bat ur-putzu batera botatzen dugunean sortzen diren uhinak kanporantz mugitzen diren bezalaxe. Kanporako bidean, galaxiaren barrualdera zihoazen materialekin eta gasarekin talka egin zuen uhinak, eta izarrak sortzen hastea eragin zuen.

Irudia: NASA, ESA eta M. Livio (STScI)

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali