Landareetan aminoazidoetatik abiatuta oxido nitrikoa sortzeko bide metaboliko bat aurkitu dute
2024/01/11 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Landareetan aminoazidoetatik abiatuta oxido nitrikoa sortzeko bide metaboliko bat aurkitu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak gidatutako ikerketa batean, Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin. Horrekin batera, molekula hori sortzeko oximek duten garrantzia ere deskubritu dute.
Landare-biologian hogei urte baino gehiago daramatzate aurkikuntza horren bila, eta, haien esanean, nekazaritzan eta medikuntzan izan ditzake aplikazioak. Lana Molecular Plant aldizkari zientifikoan argitaratu berri da.
Oxido nitrikoak funtsezko eginkizuna du organismo bizidunen bizi-funtzio askotan. Animaliek badute oxido nitrikoa sortzeko entzima bat, NO sintasa izenekoa, baina landareek, oxido nitrikoa sortzeko, erredukzio prozesu bat erabiltzen dute nagusiki: nitratoa hartzen dute, eta, nitrato erreduktasaren bidezko prozesu entzimatikoen bitartez, oxido nitriko bihurtzen dute.
Nolanahi ere, ikertzaileek jakin nahi zuten zer bide metaboliko erabiltzen duten landareek oxido nitrikoa sortzeko amonio asketik (ongarri gisa erabiltzen da) eta aminoazidoetatik. Urteetako lanek ez zuten emaitza onik ematen, hainbat arazo zirela medio. 2004an, Science aldizkariak arazo horien berri eman zuen, eta aitortu zuen garrantzitsua zela bide metaboliko hori aurkitzea.
NUPek gidatutako ikerketak bide berri bat azalarazi du: oxido nitrikoa sortzea peroxidasa izeneko entzimak erabiliz, zeinek konposatu kimiko jakin batzuetan eragiten baitute; oximetan, hain zuzen ere (indolazetaldoxima kasu).
Ikerketaren emaitzek erakusten dute, horren bidez, landareek baldintza estresagarriekiko duten tolerantzia hobetzen dela, hala nola, lehorteetan edo mantenugaien eskasia dagoenean. Horrez gain, landare nutrizioan ere eragin dezake, bereziki ongarrien erabilera jasangarriko ingurunetan.
Bestalde, aldoximek oxido nitrikoa sortzeko duten rolari esker, aukera egon daiteke ikerketa gizakien osasunera zabaltzeko; zehazki, gaixotasun kardiobaskularren eta botika berrien diseinura. Halaber, lagungarria izan daiteke hobeto ulertzeko zer eragin duten hormona batzuek (serotonina, melatonina), hesteetako bakterioek sortutako zenbait konposatuk eta zer gertatzen den minbizi- eta metastasi-zeluletan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia