}

Landareen hilabetekaria. Ekaina

1989/05/01 Errekondo Salsamendi, Jakoba Iturria: Elhuyar aldizkaria

BITXIKERIA
Erein : hazia. Landatu: Landarea, Aldaska, Erreboila, Begia, Zainak, etab.


Barazki bereziak

Duela ale batzuk hasitako atal honetako BARATZA sailean ohizkoak ez diren barazki batzuk aipatzen dira; gure soro eta baratzetan ekoizten ditugun barazki-barietateak dibertsifikatzeari interesgarri bait deritzogu. Hona hemen ba beren deskribapenak eta berezitasunak.

Alberjinia:

Solanum melongera . Uzta: fruitua.

Artoa.

Urteko zikloa duen landarea. Tomatearen antzeko premiak ditu: lur arina eta ondo ongarritua, ondugabeko ongarri organikoak onartzen ditu eta eguraldi beroa behar du.

  • Erein: lur beroan otsail-martxoan (gramo 1 = 250 hazi)
  • Landatu: maiatzean, toki babes edo eguteran. Landare artean 40-50 cm-ko tartea eta ilada artean 70 cm-ko tartea.
  • Lanak: tomatea bezala, hasieran arba nagusia ez den puja guztia kimatu behar da (30 cm-raino) gero 4 edo 5 adar utziz.
  • Uzta: abuztu-irail-urrian.

Orburua:

Cynara scolymus . Uzta: lorea.

Orburu-uzta ona lortzea ez da lan erraza, baina merezi du. Ez du hotza maite, baina itsas ertzeko klima atsegin du. Lur aberatsak behar ditu; ongarri organikotan aberatsak batipat.

  • Landatu: orburu-landareak ugaltzeko altzumak erabiltzen dira; sustrai-lepoan hazten diren pujak alegia.
    Apirilean, 0,8 x 1 m-ko tartea utziz zuloko bi altzuma landatu.
  • Lanak: jorraldi ugari. Neguan lasto, belar edo abarrez babestu. Uzta ondoren landare osoa ebaki, 30 cm-ra. Marrazkilo eta satorren erasoetatik babestu. Urtero ongarritu.
  • Uzta: udazkenean, landare bakoitzeko 10-25 lore.
    3 urtetik behin landareak berritu ohi dira, baina 6 urterarte ere etekin egokia lor daiteke.

Apioa:

Apium graveolens . Uzta:hostoa.

Apioak eguraldi heze eta freskoa ditu atsegin, baina ez lehorterik eta ez hotzik. Ongarri organiko heldua erabili behar da.

  • Erein: hazia txikia da (1g=2.000 hazi). Martxo-apirilean erein lurperatu gabe. Erneketa oso mantsoa du (gutxi gorabehera hiru astekoa) eta beti heze mantendu behar da.
  • Landatu: maiatz-ekain-uztailean. 30 x 35 cm-ko tartea.
  • Lanak: lurra ahal den denbora guztian heze mantentzea komeni da. Uzta aurretik hosto-txortenak zuritzea komeni da, kalitatea hobetzearren. Lan hau bi eratara burutu daiteke: bata landarea lotu eta argia igarotzen uzten ez duen edozerez inguratuz (kartoia, etab.) eta bestea hamar eguneko tarteaz hiru alditan hostoetaraino lurrez estalita.
  • Uzta: udazken eta neguan.

Arbi-apioa:

Apium graveolens rapaceum . Uzta: sustraia.

Baberrunak.

Apioak premia berdinak ditu, baina garrantzitsuena sustraia haztea denez, Potasio-(K2O) eta Fosforo-(P2O5)ongarriketa bereziki kontuz egin behar da.

Sustraiaren hazkundea oztopatuko ez duen lur arina (hondartsua) izatea komeni da.

  • Erein: urtarril-martxoan, ahal izanez gero lur beroan.
  • Landatu: maiatza aldera (30 x 35 cm-ko tartea). Alboetarako sustraitxoak ebaki.
  • Lanak: ureztaketa sarri eta labur.
  • Uzta: urritik aurrera. Ondo kontserbatzen den sustraia da. Horretarako lehen lurretik atera denak eta patataren antzera leku hotz (2-3º) eta lehorrera jaso.

Kuia:

Cucurbita maxima eta Cucurbita moschata . Uzta: fruitua.

Bere zikloa ondo burutzeko toki eguzkitsu eta beroa behar du. Beraz sororik eguterenean kokatuko dugu. Ongarri organiko asko behar du lurrak, nahiz eta heldu gabekoa izan.

Kuia landare herrestari edo igokaria da. Normalean fruituak lurrazala ukituz hazten direnez, lur nibelatua beharko da, fruituak ustel eraziko lituzketen putzuak sor ez daitezen.

  • Erein: martxo-maiatz bitartean. Zuzenean soroan.
  • Lanak: sustrai-sistema oso azalekoa du eta lehortearekin asko sufritzen du. Beraz, ureztatuta ondo zaintzerik ez badago, lurzorua hondakin organikoz osaturiko geruza batez estaltzea komeni da.
    Azaleko zainen garapena indartzeko jorraldiak burutu.
    Gaitzik arruntena oidioa da; sufreaz edo zinka duten konposatu organikoz tratatzen dena. Izurriteen artean landare-zorria. Bien erasoak, ordea, ez dira kezkagarriak.
  • Uzta: urri-azaro-abenduan, lehen izotzak baino lehen. Toki lehor eta aireztatuetan ongi kontserbatu ohi dira neguan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia