}

Laguntza genetikoa arrainak bereizteko

2003/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

AZTI Fundazioak kontserban erositako atuna benetan atuna dela egiaztatzeko teknika genetiko bat garatu du. Metodo horri esker, atunaren familiako arrainak bata bestetik erraz bereiziko dira, baita familia horretakoak direnak eta ez direnak ere. Gaur egun, elikagaien industriak arazo larriak ditu merkaturatutako produktuen osagaiak identifikatzeko eta, kalkuluen arabera, munduan 25.000 itsas produktu eta haragi produktu saltzen dira jatorrizko espeziea zein den jakin gabe.

Ondorioz, etiketetan iruzurra gertatzen da. Normalean, arraina zein motatakoa den jakiteko bere proteinak aztertzen dira, baina metodo horrek arrain freskoan bakarrik ematen ditu emaitza onak, kontserbak prestatzeko prozesuan proteinak eraldatu egiten baitira.

AZTIk garatu duen teknikak, berriz, kontserbako arrainetarako ere balioko du. Oraingoz tunidoentzako modukoa prestatu dute eta bakailaoarekin ari dira orain lanean. Ikerketa honengatik Elikagaien Ikerketari dagokion Felix Mokoroa saria jaso dute AZTIko ikertzaile Miguel Angel Pardo eta Begoña Perez-Villarrealek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia