}

Kutxa beltzak autoetan

2007/05/27 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hegazkin batek istripua izaten duenean, zuzenean kutxa beltzera jotzen da. Izan ere, kutxa horretan istripuaren inguruko datuen erregistroa dago jasota: kabinako tresneriak neurtutako datuak, soinu-grabaketa... Horri esker, istripuaren nondik norakoak jakin daitezke. Bada, oraindik oso zabaldua ez dagoen arren, autoek ere badituzte kutxa beltzak, eta hegazkinenen antzeko funtzioa dute.
Hegazkinen kutxa beltzak kolore bizia izaten du, erraz aurkitu ahal izateko. Autoarenaren aldean oso handia eta astuna da; autoarenak 50 bat gramoko pisua besterik du.
NTSB

Egia esan, motordun ibilgailu askok dute kutxa beltza: hegazkinarena da ezagunena, baina itsasontziek ere izaten dute, eta baita trenek ere. Kutxa beltz famatua ez da beltza izatez, laranja edo hori-kolore bizikoa izan ohi da normalean. Izan ere, istripu bat gertatzen bada, erraz aurkitzeko modukoa izan behar du kutxa beltzak, deigarria izan behar du.

Kutxa beltzeko datuak irakurrita erabakitzen dute istripua giza akatsa izan zen, edo eguraldi txarrak eragindakoa, edo hegazkinaren, trenaren edo dena delako ibilgailuaren beraren matxura baten ondorioa izan ote zen. Istripua argitzeko balio du, hortaz.

Auto, kamioi eta autobusen kasuan ere istripua argitzeko balio du kutxa beltzak. Europan ez daude oso zabalduta kutxa beltza duten autoak, baina hainbat auto-konpainiak badituzte; eta, askotan, jabeak jakin gabe, kutxa beltza dauka bere autoak.

Kutxa beltzak autoaren hamaika datu jasotzen ditu, istripuaren aurrekoak, istripuaren unekoak bertakoak eta ondorengoak.
NHTSA

Estatu Batuetan zabaldu samar daude kutxa belzdun autoak: 2005etik aurrera saldutako autoen % 65ek dute. Eta eztabaida sortu da, datu pertsonalak erregistratzen dituela esaten baitute batzuek. Dena dela, istripuetan zauritutakoen erakundeek, abokatuek eta aseguru-konpainiek, oro har, aldeko jarrera dute. Batez ere, istripuak argitzeko balio dutelako.

Datuen grabagailua

Autoaren kutxa beltzak istripua izan aurreko eta ondorengo datuak jasotzen ditu. Istripuaren aurretik, autoak zeraman abiadura jasotzen du, argiak eta intermitenteak piztuta zituen, ABSa aktibatu zen, balazta zapaldu zuen gidariak eta noiz, bolantearen mugimenduak, bidaiariek segurtasun-uhalak jarrita zituzten... Eta, noski, errepidearen egoeraren berri ere jasotzen du, bustia edo lehorra zegoen, zenbat argi zegoen...

Istripuaren unean gertatutakoa eta ondorengoak ere erregistratzen ditu kutxa beltzak: airbagaren eta uhalen funtzionamendua, autoaren posizioa nola aldatu zen (biraka ibili ote zen, esaterako), non eta noiz geratu zen...

Gertaera horiek guztiak grabatuta geratzen dira kutxa beltzean. Horretarako, autoaren sistema elektronikoari konektatuta dago, eta, funtsean, nahiko tresna sinplea da. Bateria bat eta metagailu bat dauzka, interfaze bat eta prozesadore bat datuak kudeatzeko, erloju bat eta iparrorratz bat. Hori guztia ondo babestuta dago; izan ere, kutxak inpaktuak jasan behar ditu, eta muturreko tenperaturak (-40 ºC eta 85 ºC artean).

Alemaniako Hatcher hiriko taxiei kutxa beltzak jarrita, istripuak asko gutxitzea lortu dute; gidariak zuhurrago gidatzen omen du.

Europan oraindik ez dago araututa tresna hori, baina dagoeneko erabiltzen dute auto-flota batzuetan: Londresko poliziak, Berlingoak, Hatcher-eko taxiek Alemanian... Eta guztietan istripu-kopurua gutxitu egin dute; datu deigarriena taxi horiena da: % 66 istripu gutxiago izan dituzte kutxa beltza jarri zutenetik. Izan ere, berez ez da istripuak gutxitzeko era zuzen bat, baina, dirudienez, gidariaren jarrera aldatzen laguntzen du, zuhurtzia handiagoz gidatzen omen dute.

Hori dela eta, Europako hainbat taldek proposatu dute zenbait ibilgailuk kutxa beltza eraman beharko luketela, hala nola kamioiek, autobusek, anbulantziek... Hemendik urte batzuetara, berriz, auto guztiek eramango dute kutxa beltza, antza.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia