}

Kurriloen esperma

2001/04/03 Elhuyar Zientzia

Kurriloak hegazti lirain eta eleganteak dira. Baina badituzte beste gauza harrigarri batzuk ere. Moskuko zooan, 1982az geroztik bertan dituzten bederatzi kurrilo-espezieren ugaltze-plana burutzen ari dira. Horretarako emeak artifizialki ernaltzen dituzte. Lehendik, arrei esperma kentzen diete masaje berezien bidez. Esperma mikroskopio bidez aztertu eta baliagarria dena emeak ernaltzeko erabiltzen da.

Horretan dihardutela gertaera bitxi batez jabetu dira. Alegia, espermaren kalitatea eta kantitatea ez dela bera urte osoan, nahiz eta kopulatzeko gai izan. Emeak urte-sasoi jakinetan daude harkor edo loka eta arrek urte osoan kopula badezakete ere orduan sortzen dute arrek esperma hoberena. Areago: emeak ernaltzeko unerik egokiena txitaldiko azken arrautza errun eta hurrengo eguna izaten da, eta arren espermak une horretan du kalitate gorena eta kantitate gehiena.

Nola dakite, ordea, arrek noiz iritsi den une hori? Nola eman erantzun fisiologikoa? Animalia askotan usainak ematen du emeen zikloaren berri, baina hegaztiak oro har eta kurriloek zehazki ez dute usaimen onik. Nola orduan? Moskuko zooko ikerlariek erantzun hormonala soinuak eragiten duelakoan daude. Kurrilo-bikoteek urte osoan egiten dituzte zaratak eta emeek zarata desberdinak sortzen dituztela konturatu dira. Gehiago ikertu behar da, baina erantzuna hor egon daitekeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia