}

#KulturaZientifikoa 1. Jaialdiaren inguruko hausnarketa

2014/05/01 Matxain Beraza, Jon Mattin - EHUko Kimika Fakultateko eta DIPCko ikertzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

kulturazientifikoa-1-jaialdiaren-inguruko-hausnark
Taula periodikoko elementuak banatu dituzte KZJaian parte hartu duten guztien artean.

Urtarrilaren 7a eta martxoaren 31 bitartean, #KulturaZientifikoa 1. Jaialdi birtuala egin dugu Interneten. Egitasmoa parte hartu nahi zuen edonorentzat irekia izan da, kultura zientifikotzat har daitezkeen ezagutza-arloen gaineko ekarpen-mota ezberdinak biltzeko asmoz, sareak eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz. Horrek guztiak helburu nagusi bat zuen: edozein jaialditan bezala, ongi pasatzea, kasu honetan kultura zientifikoa zabalduz, partekatuz eta gizarteratuz, euskara izanik komunikazio-hizkuntza.

Jaialdiek, ordea, ongi pasatzeko baino gehiagorako balio izaten dute. Partaideen arteko harremanak indartzeko balio izaten dute. Ildo horretatik, jaialdiaren helburuak bestelakoak ere baziren, hala nola Interneten kultura zientifikoa euskaraz lantzen dihardugun eragileen sarea sortzea, zientzia eta kultura zientifikoa hezkuntzan eta gizarte osoan indartzea, "zientzien" eta "letren" arteko muga artifiziala gainditzen laguntzea, elkarlana bultzatzea, eta abar.

Hori dela eta, jaialdian parte hartzeko gonbita zientzietan (modu zabalean ulertuta) lanean dihardugun orori luzatu zitzaion: hezkuntza, ikerketa, zientzia-komunikazio zein bertze alorretan (museo, liburutegi, katalogatzaile eta abar) dabiltzan kide zein erakunde guztiak, eta, goian aipatu bezala, nahi zuen bertze edonor ere gonbidatuta zegoen jaialdi birtual honetan parte hartzera. Jaialdia bukatuta, helburuak bete ote diren ikusteko garaia heldu da. Jaialdiak emandako zenbaki eta estatistika guztiak Zientzia Kaiera blog anfitrioiak zabaldu zituen. Estatistika horiek hausnarketa askorako ematen dute, eta, gehiegi ez luzatzearren, niretzat esanguratsuenak direnetan zentratuko naiz.

Denera, ehun partaidek baino gehiagok landutako 120 ekarpen partekatu dira, 31 blog/webgune erabiliz (batzuk jaialdirako espresuki sortuak). Ekarpen horietan landutako gaiak zientzia esperimental eta teknologikoak, eta osasun-, giza eta gizarte-zientzien ingurukoak izan dira. Partaideak alor guztietakoak izan dira. Hezkuntza-maila guztietako ikasle eta irakasleen partaidetza izan dugu, lehen hezkuntzakoak izan ezik. Hainbat unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologikotako ikertzaileek ere parte hartu dute. Zientzia-komunikazioko hainbat talde eta erakundetako kideek parte hartu dute. Hainbat liburutegi, museo, erretiratu, langabetu eta abarrek ere parte hartu dute. Egindako ekarpenak ere askotarikoak izan dira. Testuak, infografiak, bideoak, podcastak sortu eta partekatu dira Jaialdian.

Horretaz gain, sare sozialetan giroa paregabea izan da. Jaialdiaren ekarpenak Twitterren eta Facebooken bidez zabaldu dira, eta, horrenbestez, jaialdian partekatutako lanen hedapena bultzatu da. Adierazgarria da oso Twitterren 1.846 jatorrizko txio zabaldu izana, bertxioak kontuan hartu gabe. Txio eta bertxio horiei esker, #KZJaia traola euskaldunon joera nagusietan izan dugu 70 egunez, eta Sustatu albistegi digitalaren automatikoak 44 ekarpen harrapatu ditu. Hedapen horri esker, ekarpenen egileak baino jarraitzaile dezente gehiago izan ditu jaialdiak, modu batera edo bestera. Horren adierazgarri da blog anfitrioiak izandako bisita-kopurua: Jaialdiarekin lotuta izandako 30 bat argitalpenek denera ia 6.000 bisita izan dituzte. Hortaz, esan dezakegu hasierako aurreikuspenak gainditu direla eta helburuak bete direla.

Ekimena arrakastatsua izan arren, ezin dugu ahaztu partaide-kopuru hori zientzien inguruan lanean dihardugun guztien portzentaje oso txikia dela. Dena den, jakintza-arlo eta esparru guztietako partaideak izan direnez, aurrera begira sarean egin daitezkeen ekimenetarako lehenengo oinarri sendoa jarri dugula uste dut. Horretaz gain, oso esanguratsua iruditzen zait hezkuntza-maila desberdineko ikasleen eta irakasleen partaidetza. Hori dela eta, klaseko dinamika formalari lagunduz, gazteen zientziarekiko grina pizteko edo handitzeko baliagarria izan daiteke Jaialdia.

Horretaz gain, azken inkesta soziologikoen arabera, informazio-iturriei dagokienez, gazteek Internet erabiltzen dute lehenengo aukera gisa. Hortaz, Interneten euskaraz aurkitu daitezkeen edukien artean, zientziak ere leku bat izan behar du baldin eta gazteriaren artean kultura zientifikoa hedatu nahi badugu. Gainera, ikasleek berek Interneten informazio-emaile izan daitezkeela ikustea, nire ustez, balio handikoa izan daiteke haientzat. Gai horretan, argi geratu da irakasleen papera ezinbestekoa dela, ikasleei tresnak eta baliabideak bideratzeko eta edukiak zaintzeko. Jaialdian izan diren esperientziak, Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko i(ra)kasleekin, oso positiboak izan dira, eta aurrera begira eredugarria izan daiteke beste irakasle/ikasleentzat.

Jaialdiak, bestetik, alor desberdinetako ikertzaileak eta komunikatzaileak bildu ditu. Ikertzaile naizen aldetik, uste dut ahalegin handiagoa egin beharko genukeela gure ikerketako emaitzak gizarteratzen, lan hori guztia komunikatzaileen esku utzi gabe. Jaialdiak ere balio izan du bi alor horietako kideak elkar hobeto ezagutzeko, eta aurrera begira beharrezkoa den elkarlana indartuz joateko.

Bukatzeko, ez dugu ahaztu behar ezen, #KulturaZientifikoa 1. Jaialdi hau arrakastatsua izan bada, modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei esker izan dela, elkarlanari esker. Zientzien inguruan dihardugun pertsonen arteko elkarlana oso garrantzitsua da kultura zientifikoa gizarteratzeko (batez ere gazteen artean, hezkuntzaren bidez). Internetek eta sare sozialek horrelako ekimen bateratuak egiteko aukera ematen dute, eta aprobetxatu egin behar dugu. #KulturaZientifikoa 1. Jaialdia izan da burutzen dugun lehenengo jaialdi birtuala. Ez dadila azkena izan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia