Kreditu-txartelak, hackerren eskuetan
2003/02/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
AEBetako Visa-k eta MasterCard-ek hacker baten bisita izan dutela onartu dute. Nonbait, komertzioan kreditu-txartelen bidez egiten diren transakzioak prozesatzen dituen enpresaren segurtasun-sistema gainditu zuen hackerrak.
Horrela, 8 milioi kontutan sartzea lortu zuen. MasterCard-en txartelen bidez, 2,2 milioi kontutan sartu zen hackerra, eta Visaren bidez, berriz, 3,4 milioitan. Gainerakoetan, beste bi kreditu-txartelen enpresen bidez sartu zen, baina enpresa horien izenik ez dute eman. Visa-k eta MasterCard-ek, aldiz, haien txartelak erabiltzen dituzten 574 milioi bezeroen % 1en kontuak hackerraren eskuetan egon zirela aitortu dute.
Hackerraren arrastoa antzeman orduko, Visa-k eta MasterCard-ek banketxeak ohartarazi zituzten, baina hackerrak ez zituen kontu horiek erabili. Hala ere, segurtasun-sistemen ahulezia agerian utzi zuen.
Kreditu-txartelen bi enpresek ez dute gertatutakoaren gaineko xehetasun askorik eman. Adibidez, ez dute esan zein banketxe ohartarazi zituzten, ezta arazoa nazio osoan edo estaturen batean gertatu zen ere. Hori bai, erruduna aurkitzeko FBIrekin elkarlanean ari direla esan dute. Nor da, ordea, erruduna? Segurtasun-sistema eskasa egin duena, ala hackerra? Edo biak akaso?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia