}

Kranpoiak jasaten dituen zohia

1997/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Britainia Handiko Aberystwyth-eko Unibertsitatea eta Herbehereetako Desso etxeak diseinatu dituzten kranpoi berriek kalte gutxiago egiten diote belarrari.

Futbol-zelaietan edo rugby-zelaietan jokalariek oinetakoetan izaten dituzten kranpoiek belarrari kalte handia eragiten diote. Horregatik zohi-mota bereziak erabiltzen hasi dira eta horietako bat probatuko dute aurten hiru talderen estadioetan. Quenn’s Park Rangers, Aston Villa eta Chelsea dira, hain zuzen, hiru talde horiek.

Zohi berria prestatu dutenak Britainia Handiko Aberystwyth-eko Unibertsitatea eta Herbehereetako Desso etxea izan dira. Bi zentimetroko tartearekin polipropilenozko 20 zentimetro luzeko zurtoin finak sartzen dira lurrean. Belarraren sustraiak zurtoin hauen inguruan biltzen dira eta zohiaren lurpeko sarea askoz ere indartsuagoa da. Horrela kranpoien erasoaren kontrako erresistentzia hiru aldiz handiagoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia