}

Kosmoaren etorkizuna

1993/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erlatibitate Teoria Orokorrak dioenez, Unibertsoaren etorkizuna ekuazio batzuetan adierazita dago. Ekuazio horien koefiziente batzuk oraindik zehaztu gabe daudenez, kosmoaren geroa nolakoa izango den ez dago garbi. Parametro horiek duten balioaren arabera, Unibertsoa espazioan etengabe hedatuko da (eredu irekia dela esaten da), edo bestela, hedapenaldi baten ondoren bere baitara uzkurtuko da berriro (eredu itxia).

ROSAT sateliteak (Roentgen Satellite izenekoak), eredu itxiaren aldeko datuak eskaini ditu. Egia da eredu batetik bestera koefizienteen balioaren arabera pasa daitekeela, baina balio hori unibertsoan ezkutuan dagoen masaren araberakoa da. Masa horrek ez du inolako tresnak detektatzeko erradiaziorik emititzen eta neurgailuz ezin dira identifikatu.

ROSAT sateliteak X izpiz hartutako argazkia. NGC 2300 taldeko hiru galaxia 10.000 K tenperaturako eta 1,3 milioi argi-urte diametroko hodei beroan daude. Hodei horren masa, Eguzkiarena baino 500.000 milioi aldiz handiagoa litzateke.

Ezkutuko masa hori, hasieran uste baino handiagoa da, eta izar nahiz galaxietan detekta daitekeen masa baino 10-50 aldiz handiagoa. Esan beharra dago Erlatibitate Teorian masa eta espazioko eboluzioa loturik daudela. Unibertsoaren guztizko masa balio kritiko bat baino handiagoa bada, grabitazio-indarrak lehenbizi hedapen-indarra berdindu egingo du eta gero gainditu. Hedapena, beraz, hasieran moteldu eta gero geratu egingo da, grabitazioaz uzkurtzen hasi baino lehen. Unibertsoa uzkurtu egingo da eta gero bere baitara bilduko da gero eta gehiago. Bestela, hedapen-indarra grabitazio-indarra baino handiagoa izango da eta etengabe hedatuko da.

Hedapenaren parametroak ezagutzen direnez, unibertsoaren masa da jakin beharrekoa. ROSAT sateliteak ez du masa ezkuturik detektatu, berez detektaezina delako, baina NGC 2300 taldeko hiru galaxiari X izpiez egindako argazkien bidez, masa ezkutu hori zeharka neurtu ahal izan da. Argazkiek izan ere, hiru galaxia horien erdian gas-hodei bero ikaragarria erakutsi dute. Adituen ustetan, horrelako hodeiak aspaldian espazioan diluiturik egon behar zukeen inolako arrastorik utzi gabe. Iraun baldin badu, masa ikaragarri baten grabitazioak eutsi diolako izan da.

Aurkitutako hodeia mantentzeko behar den masa, aipatutako hiru galaxien masa baino 12-25 aldiz handiagoa da. Espazioko zona horretako egoera bestetan bezalakoa bada, Unibertsoan ezkutuan dagoen masa gaur egun detektatu eta kalkulatutakoa baino 25 aldiz handiagoa dela esan nahi du. Horrela balitz, Unibertsoak etengabe hedatzeko baino masa handiagoa izango luke.

Unibertsoaren hedapena, beraz, moteldu eta egunen batean geratu egingo litzateke. Gero izar eta galaxiak elkarrenganatu egingo lirateke, husten ari den globoa bezalaxe. Espazio guztia uzkurtu egingo litzateke, azkenean infinituki kontzentratutako bola txiki bat izanik. Denbora ere era berean uzkurtuko denez, dena oso azkar gertatuke litzateke. Izarrak zerutik jaitsi eta ibaietako urak gora egingo luke.

Dena den, ROSAT sateliteak erakutsitako egoera Unibertso guztian ez egotea ere gerta liteke. Nolanahi ere, Unibertsoaren patua masa ezkutuaren araberakoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia