Korrokoiaren transkriptoma deskodetu dute EHUko ikertzaileek
2009/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Korrokoiaren transkriptoma deskodetu berri du EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko Biologia Zelularra Ingurune Toxikologian ikerketa-taldeak. Transkriptoma da genomatik transkribatzen edo irakurtzen den zatia. Zelula anitzeko izaki gehienetan genomaren % 1,5 inguru izaten da.
Ikerketa-lan hori egiteko, Ondarroan hainbat korrokoi-ale harrapatu zituzten EHUko ikertzaileek. Ale bakoitzetik zenbait organo --hala nola gibela, zakatzak, gonada, burmuina eta abar-- bereizi zituzten, eta organo horietatik RNA-mezularia erauzi. Ondoren, RNA-mezulari guztia DNA osagarri (cDNA) bihurtu dute.
DNA osagarri horiek guztiak Newcastle-ko Unibertsitatean dagoen sekuentziazio-zerbitzura bidali zituzten. Izan ere, sekuentziazio-sistema berri bat dute han; oso azkarra eta eraginkorra. Modu horretan eskuratu du EHUko ikerketa-taldeak korrokoiaren transkriptomaren informazio guztia, hots, 126 milioi nukleotido.
"Ondoren, lanik neketsuena dator. Informazio horri guztiari zentzua ematea, hain zuzen ere. Alegia, sekuentzia bakoitza zein generi dagokion arakatzea" dio Ibon Canciok, proiektuaren zuzendariak.
"18.332 generen zatiak eskuratu ditugu. Ez dira korrokoiaren gene guztiak, baina bai erdia baino gehiago" gehitu du Canciok. Informazio horrekin guztiarekin DNA-mikrotxip bat garatu dute, kutsaduraren aurrean gene horien guztien espresio-maila nola aldatzen den ikertu ahal izateko.
Datorren urtean barearen transkriptoma deskodetzea espero du EHUko ikertzaile-taldeak, zoruen osasun-egoera zein den jakiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia