Koipe gutxiago duen ardi-haragia
2004/02/05 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Nafarroa arraza –lehen Rasa Aragonesa deitua– Nafarroako erdialdean eta Erriberan da ohikoa. Arraza horretako 420.000 ardi-buru daude, eta gehienbat arkumeak izateko erabiltzen dira. Arkume horiek 23-25 kg dituztenean hiltzen dira, hau da, gutxi gorabehera hiru hilabete dituztenean.
Arkumeak adin eta pisu horrekin hiltzeko arrazoi bat dago: koiperik ez pilatzea. Izan ere, arkume handiagoek ez dute harrera ona izaten merkatuan; gutxiago saltzen dira koipe gehiegi eta ardi-gustu handia izaten dutelako.
Koipea eta kostua behera
Koipe gutxiko haragiaren eskaerak hazkuntza-metodo berriak garatzera eraman ditu ikertzaileak. Metodo horien artean elikadura-aldaketa eta hormonak nabarmendu daitezke. Horien bidez, koipe gutxiago izango duten ardiak hazi nahi dituzte, pisu gehiago dutenean hil eta
ekoizpen-kostua txikitzeko.
Nafarroako taldea ardien elikaduran ohikoak diren bi substantziak ehun-koipetsuaren garapenean zein eragin duten ikertzen ari da: A bitaminak (erretinolak) eta azido linoleiko konjokatuak (CLA). Ikertzaileek animaliaren koipe-pilaketa modulatu nahi dute gorputzean koipea pilatzen duen prozesua erregulatuta.
Hasierako hipotesiaren arabera, bi substantzia horiek koipe-pilaketa gutxitzen dute, hau da, adipozitoen garapena moteltzen dute. Baina, nahi den emaitza lortzeko, substantzia horien zein kontzentrazio behar den jakin nahi dute, arkumeei dosi egokiak eman ahal izateko.
Informazio-gehiago: Basqueresearch.com
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia