}

Klimaren bat-bateko aldaketa

1999/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iragan azaroaren erdialdean munduko herri garatuenetako ordezkariak eta ingurugiroari buruzko aditu nagusiak Buenos Aires-en elkartu ziren Lurraren Berotze Efektuaren egoera eta ondorioak aztertzeko. Ingurugiroan aditu direnek azken urteetan egindako ikerketen arabera, Lurreko klima ezberdinak ez dira poliki-poliki aldatzen orain arte uste izan den bezala; aldaketak bat-batekoak izaten dira. Groenlandiako izotzetan egindako ikerketen arabera, duela 14.000 urte klimak 5ºko gorakada jasan zuen hamar urte baino gutxiagotan.

Zientzialarien ustez atmosferaren egitura aldatuta (adibidez, CO2 kopurua) honen portaera ere aldatu egiten da eta horrek klima ezberdinetan bat-bateko aldaketa eragiten du. Atmosferaren egitura aldatzen ari diren gas-emisioak azken urte hauetan moteltzen ari badira ere, gas hauen kontzentrazioa gero eta handiagoa da eta epe laburrean klima ezberdinak dramatikoki alda daitezke. Adibide bezala Ozeano Atlantikoaren iparraldean ezaguna den Gulf Stream ur-korronte epela Artikoan urtzen ari den izotzak sortutako ur hotzaren bidez desager daiteke, eta Europa osoko tenperaturak jaitsiaraziko lituzke. Aldaketa honek batez ere Europako iparraldean ondorio latzak eragingo lituzke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia