}

Klima berotzearen ondorioak Euskal Herrian

1998/01/01 Mintegi, Imanol Iturria: Elhuyar aldizkaria

Negu epel eta uda beroko Euskal Herria hainbaten amets izan zitekeen eta Benidorm edo Kanariar irletara joateko beharra desagertu egingo litzateke. Gainera, gure baserritarrek izotzaren beldur ez lukete egon beharko eta urte osoan zehar ekoiztuko lukete egun udan soilik ateratzen dutena. Baina epeltze honek, era hauetako ondorio onak ezezik ondorio latzak ere ekarriko lituzke.

Izan ere, klima epeltzen bada, mundu-mailan epelduko da, toki batzuetan nabariago, beste batzuetan apalxeago. Egindako neurketen eta garatutako eredu informatikoen arabera berotegi-efektuaren eraginik handienetako bat gure planetako latitude altuetan gertatuko litzateke, bertako klima lokalak erabat aldatuz. Horren ondorioz, bai Antartikako eta bai Groenlandia zein beste eskualde Arktikoetako glaziar eta izotz-kapeluak ere lipar geologiko batean ur zitezkeen seguruaski. Urtze honek, batetik, egun estalirik dauden eskualde zabalak, dozena bat milioi kilometro karratu gutxi gora-behera, izotz eta elurretatik azaleratuko lizkiguke, baina, bestetik, itsasoetara ur-bolumen ikaragarri handia, milaka kilometro kubiko alegia isuriko litzateke.

Itsasora ura etengabe ari da isurtzen, ibaien bokaleak, goi-latitudeetako glazierren icebergak eta prezipitazio atmosferikoak direla medio. Halaber, itsasoak etengabeko galerak ere baditu lurrinketa zein lurbarneranzko filtrazioen bidez eta horrek irabaziak orekatzen ditu, horrela itsas maila berean mantenduz. Baina, klima-aldaketa arin baten ondorioz munduko elurrak eta izotzak urtu egiten badira, itsasoak ez du ur-etorrera bizkor hau orekatzeko biderik eta, ondorioz, itsas maila igo egingo da.

Hau dagoeneko gertatzen ari da, eta historia geologikoan oso maiz gertatu bada ere, oraingo honetan kausa naturalen ondorioz baino, gizakiok eragindako berotegi-efektuaren ondorioz izan daiteke, eta gainera, inoiz gertatu den baino arinago izan.

Egindako behaketen arabera itsasoa azken urteotan gutxienez urtean milimetro bat igotzen ari da, baina badirudi igoera honen abiadura bizkortzen ari dela. Jakina, zaila da jakitea bizkortze honen zenbaterainokoa eta, beraz, ez da erraza kalkulatzea hurrengo urteotan itsas mailak zenbat egingo duen gora. Kalkulu kontserbadoreenek itsasoa hurrengo ehun urteotan metroko, erdia baino ez dela igoko esaten badute ere, badaude bi metro eta dezente gehiagoko, igoera aldarrikatzen duten ikerlariak. Azken batez, ez dezagun ahaztu glaziazioen garaietan itsas maila egun baino 100-200 metro beherago egon zela eta Euskal Herriko kostaldea gaurko posiziotik kilometro batzuetara zegoela.

Itsasoaren igoera honek, mundu-mailan oso ondorio latzak ekarriko lituzke, batez ere kontuan hartuta populazioaren zati handi bat kostaldean bizi dela. Bestalde, Euskal Herrira begira, itsas mailaren igoerak ez luke printzipioz ondorio latz askorik ekarriko, gure herria menditsua izanik, populazioaren zati bat kostaldetik urrun bizi baita. Hala ere, eta azterketa lasaiago bat eginik, egon bai egon daitekeela ondorio latzak hazituko lituzketen eskualdeak. Gure kostaldean ugariak dira itsas labarrak eta hauetan itsas mailaren igoerak ezer gutxi aldatuko luke.

Baina labarrak aparte, ibaien bokaleak, hondartzak, itsas adarren ondoko eskualde urbanizatuak dauzkagu. Esaterako, Miarritze-Baiona, Donostia-Hernani eta Abra-Bilbo Handia egungo itsas mailarekiko daude eraikita eta itsasoaren edozein igoerak, bai itsaskirri gogorra gertatzen denean bai prezipitazio atmosferiko handia dagoenean, kalteak areagotu egingo lituzke erabat. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, gaur egungo geomorfologia eta prozesu geodinamikoak orain daukagun itsas mailarekiko daudela egokituta, baina honen igoerak aldatuko lituzke mendeetan eratutako orekak.

Areago, ez-ohiko gertakizun klimatologikoetatik kanpo ere, itsas mailaren igoerak eragina eta aldaketak ekarriko lituzke eguneroko ihardueretan. Horrela, gure hondartza gehienak ezer gutxitan geratuko lirateke, dagoeneko beren goiko mugak urbanizatuta baitaude, horma alda ezina suposatuz, eta hareak estalitako xingola hestutu edo desagertu egingo litzateke ur azpian, Kontxako hondartzan neguko marea bizietan gertatzen den bezalaxe. Bestalde, hondartzetan ezezik gure kostaldeko herrietako kaietan ere hainbat eraikuntza kaltetuko lirateke eta babesteko zein erabilgarri mantentzeko, lan handiak egin beharko lirateke. Era honetako kalteak bereziki nabariak izango lirateke Nerbioi-Ibaizabalen beheko aldean (Bilbo, Erandio, Barakaldo, Sestao,...) zein Abra inguruko lurretan.

Kalteaz gain, itsasoaren eragina egun sentitzen ez den tokietara iritsiko litzateke, mareen bidez, esaterako, eta hainbat izaki urtarren asozioetan aldaketak emango lirateke, nitxo berriak kolonizatuz edo beharrezkoak direnak galduz.

Aipatutako aldaketa, eragozpen eta galeraz bestalde, beste asko lirateke posible baina oraindik ez ditugu ezagutzen edo ezin ditugu neurtu, oraingoz arlo honetan oso lan gutxi egin baita. Hala ere, itsas mailaren igoerak gure ekonomian bakarrik suposa dezakeen ikaragarrizko hondamendia kontuan hartuta, lehenbailehen hasi beharko dugu lanean etor dakigukenari aurre egin ahal izateko, nahiz eta benetan zenbaterainokoa izango den ezin jakin.

Itsas mailaren igoerak ez luke printzipioz ondorio latz askorik ekarriko Euskal Herrira, gure herria menditsua izanik, populazioaren zati bat kostaldetik urrun bizi baita. Hala ere, eta azterketa lasaiago bat eginik, egon bai egon daitekeela ondorio latzak hazituko lituzketen eskualdeak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia