}

Klima-aldaketak eragindako ondorioak nabariak dira euskal kostaldeko itsas floran

2012/08/14 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

klima-aldaketak-eragindako-ondorioak-nabariak-dira
Arg. EHU

1980ko hamarkadatik hona, ekialdeko Kantauri itsasoko uraren tenperatura 0,24 °C igo da hamarkada bakoitzeko, eta udan 0,33 graduraino iristen da igoera. Alegia, azken 30 urteotan uraren udako batez besteko tenperatura ia 1 °C igo da. Eta igoera hori, eta klima-aldaketaren ondoriozko beste faktore batzuk, aldaketa nabariak eragiten ari dira itsas landaredian. Hala adierazi du EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak Estuarine, Coastal and Shelf Science aldizkarian.

“Lurrean, halako aldaketa batek hutsala dirudi, egun berean tenperatura hamar gradu gora edo behera joan daitekeelako. Itsasoan, aldiz, tenperatura-aldaketak geldiagoak dira. Beraz, azken hiru hamarkadotan itsasoan tenperatura gradu bat igotzea oso aldaketa adierazgarria da eta, dudarik gabe, landaredian ondorioak izan ditu”, azpimarratu du José María Gorostiagak, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko irakasle eta Itsas Bentos taldeko zuzendariak.

Ikerketak agerian utzi du udaberriko eta udako prezipitazioak nabarmen gutxitu direla azken 30 urteotan. “Udan euri gutxiago egitearen eta itsasoko uraren estratifikazio handiagoaren ondorioz, ura gardenagoa da eta itsas hondoan eguzkiak eragin handiagoa du, eta elikagaiak murriztu ere egin dira. Horiek guztiek eragin negatiboa izan dute alga-espezie batzuen iraupenean”, azaldu du Isabel Díezek, ikerketaren beste egileetako batek.

Gorostiagak 1991n egindako ikerketa aitzindari baten datuak eta 2008-2009 bitartean metodologia berarekin leku beretan jasotakoak konparatu dituzte. “Hauteman genuen, adibidez, kopadun algak —lurreko zuhaitzen pareko diren espezieak, euskal kostaldean zehar itsas belardiak osatzen dituztenak—, deforestazio-prozesu bat jasaten ari zirela”, adierazi du Gorostiagak.

 

“Laminariak, ur hotzagoetan bizi diren algak, ugari ziren San Juan Gaztelugatxekoan eta Bakion 1990eko hamarkadaren hasieran, baina orain guztiz desagertu dira. Kanpoko espezieek, berriz, gora egin dute”, azaldu du Díezek. Azterlanean ikusi da, halaber, urtaroko alga sinple eta txikien dibertsitateak gora egin duela eta ugariagoak direla.

EHUko Itsas Bentos taldeak ondorioztatu du algak oso sentiberak direla aldaketa klimatikoarekiko, eta horren adierazle gisa erabil daitezkeela. “Zenbait faktorek aldi berean elkarri eragitetik datoz aldaketak. Beraz, oso zaila da aurreikustea nola garatuko diren fenomeno hauek. Xehetasun gehiago jakingo ditugu landa-lanetan zein laborategian aurrera eramaten ari garen proiektuei esker”, erantsi du Díezek.

Gorostiaga eta Díezekin batera, Nahiara Muguerzak, Alberto Santolariak eta Unai Ganzedok parte hartu dute ikerketan, denak Landareen Biologia eta Ekologia Sailekoak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia