Klima-aldaketa, albatrosentzat onuragarri
2012/02/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azken hamarkadetan, haizeen ereduak aldatu egin dira Indiako Ozeanoaren hego-mendebaldean, eta, Kerguelen eta Crozet uharteetan egindako ikerketa baten arabera, horrek mesede egin dio Diomedea exulans albatrosaren ugaltzeko aukerari. Kasu berezia da, adituek uste dutelako klima-aldaketaren ondorioz aldatu direla haizeak, eta, hala bada, albatrosei onura ekarri die fenomenoak. “Haizeak bortitzagoak dira, baina ez hori bakarrik; tokiz ere aldatu dira”, dio Maite Louzao itsas zientzialari gipuzkoarrak, ikertzailetako batek. Aldaketa horiek albatrosen ugalketan izan dute eragina.
Arrautzak habian dauden bitartean, albatros aitak eta amak txandaka zaintzen dituzte. Habian geratzen denak ez du jaten, eta bestea janari bila joaten da hegan. Baina bidaia gehiegi luzatzen bada, habian dagoenak habia utzi, eta berak ere jatera joan behar izaten du. Adituek neurtu dute azken 40 urteetan janari bila egindako bidaien iraupena murriztu egin dela haize-aldaketa dela eta, batez beste 12 egunetik 10 egunera. Horren ondorioz, zaintzaileari gutxiagotan egokitzen zaio janari bila joan behar izatea eta arrautza bakarrik uztea; beraz, zaindu gabe utzitako arrautza-kopurua murriztu egiten da. Gainera, habia zaintzen daudenen egonaldiak ere laburtu dira, eta gutxiago argaltzen dira une horretan. “Emeak, ugaltzen ari direnean, batez ere koloniaren inguruan ibili eta iparralderantz joaten dira. Eta arrak koloniaren inguruan ibili eta hegoalderantz joaten dira. Sexu batekoak eta bestekoak alde banatara joaten dira”, azaldu du Louzaok.
Azken datuak jasotzeko, hilabeteak eman dituzte Kerguelen uhartean; albatrosei gailu elektronikoak jarri zizkieten eta bidaien xehetasunak erregistratu zituzten. Baina klima-aldaketaren eragina neurtzeko, datu zaharragoak ere aztertu dituzte. Hain zuzen ere, Science aldizkarian argitaratu dituzten emaitzak 1966. urtetik hona jasotako datuetan oinarrituta daude. “Ez dago 40 urteko datu-seriea duen ikerketa askorik”, dio Louzaok.
Maite Louzaok ikerketaren nondik norakoak kontatu zituen Norteko Ferrokarrilla irratsaioan, eta Elhuyar aldizkariaren martxoko zenbakian argitaratuko dugu berarekin egindako elkarrizketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia