Kimioterapiak antzututako emakumeak ama izan daitezke
2004/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Minbiziaren aurkako tratamendu gogorrek pazientea antzutzea eragin dezakete. Orain, Europan egin diren ikerketa batzuen arabera, gaixotasuna gainditu ondoren ama izan nahi duten emakumeek badute beren nahia betetzeko aukera.
Ikertzaileek hainbat bide probatu dituzte. Adibidez, Italian izoztutako obuluekin egin duten lan. Herrialde horretan, debekatuta dago enbrioiak izoztea; ez, ordea, emakumeei obuluak erauztea eta izoztea. Gero, obulu horiek desizoztea eta in vitro ernaltzea lortu dute ikertzaileek. Amen umetokietan ezarrita, fetuak normal garatu dira, eta horrela lortu dute lau emakumek bost haur izatea Milango ospitale batean.
Emaitza itxaropentsua izan bada ere, arrakasta-maila baxua izan da, ikerketan parte hartu duten emakumeetatik oso gutxik izan baitute haurra. Horregatik, beste ikertzaile batzuek obuluak bakarrik ez, obulutegi osoa erauzi eta izoztu dute, emakumeak sendatutakoan obulutegia edo haren ehun-zerrenda batzuk berriro ezartzeko. Ikusi dute emakumeek hilekoa izan dutela transplantea egin eta lehenengo hiletik. Ondoren, era naturalean eta in vitro ernaltzen saiatu dira.
Ez dute lortu naturalki emakumeak haurdun geratzea, bai, ordea, in vitro teknika erabiliz. Hala ere, enbrioia umetokian ezarri ondoren, ez da garatzeko gai izan. Behintzat, lehenengo pausoak eman dituzte, eta, gainera, hilekoa izateak emozionalki asko lagundu die ikerketan parte hartu duten emakumeei.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia