}

Kimika eta biologia gerran

2003/03/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Irakenak dagoeneko egin duela dirudien honetan, arma kimikoen eta biologikoen gaiak sekulako garrantzia du; besteak beste, estatubatuarrek eta beren morroiek gerrarako duten argudioetako bat Irakek ezkutuan dituen horrelako armen gordailuak dira. Teknologiaren garapenaren ondorioz sortu dela badirudi ere, arma kimikoetan eta biologikoetan oinarritutako gerra ez da gaur egungoa. Arma kimiko eta biologikoen ezaugarriak dituzten elementuak asko badira ere, batzuk baino ez dira ezagun-ezagunak, maiz samar erabili direnak alegia.

Ez dago garbi jakiterik noiz hasi ziren erabiltzen arma kimikoak, baina aspaldi izan zen. Erromatarren inperioaren garaian, adibidez, erromatarrak iaioak ziren hiriak setiatzen eta edateko uraren sorburuak pozoitzen. Erromatarrak kolera-, lepra-, edo izurri-gaixoen humoreak zituzten ontziak hirietan sartzera ere iritsi ziren. XVIII. eta XIX. mendeetan teknika horrek berriro indarra hartu zuen, europarrak beste kontinente batzuetara joan eta —nahita edo nahi gabe— sifilia, gripea, baztanga eta antzeko gaixotasunak eraman zituztenean. Ondorioz, herri osoak desagertu ere egin ziren eta, bistan denez, bolborazko edo altzairuzko armak erabilita baino merkeago, bizkorrago eta arrisku txikiagoak hartuta.

Lehen Mundu Gerran arma kimiko ugari erabili ziren; Bigarren Mundu Gerran, berriz, arma biologikoak erabiltzeko saiakera bat baino gehiago egin zen. Britainiarrek, adibidez, antraxaren baziloaren esporak jaurti zituzten Eskoziako uharte txiki batera. Saiakerak arrakasta izan zuen, 1979. urtean, Britainia Handiko armadako kideak Gruinard uhartera joan zirenean, babeserako jantziak eraman zituzten, antraxak barea infekta ez zezan.

1940-44 urteen artean, Txinaren aurkako gerran ere arma biologikoak erabili zituzten japoniarrek. Tifusa eta izurria sakabanatzen zuten leherkariak jaurti zituzten 11 hiritan. Hildakoak milaka izan ziren; tartean, jakina, zibilak, armadarekin zerikusirik ez zuen jende arrunta. Gerra berean, preso hartutako 3.000 soldaduri gaixotasun epidemikoak injektatu zizkieten japoniarrek. 3.000tik 1.000 hil egin ziren.

Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero, 1950-60 hamarkadan, Estatu Batuetako gobernuak, militarren laborategiak eraiki zituen Maryland estatuan. Laborategien helburua arma biologikoak ikertzea zen, eta egunik onenetan 1.000 zientzialari biltzera ere iritsi ziren. Ikerketa garrantzitsuak egin ziren laborategi haietan, baina 1970. urtean, Nixon lehendakariak iragarri zuen gobernuak uko egiten ziola arma biologikoak garatzeari. Batek daki zergatik hartu zuen Nixonek erabaki hura, baina kontua da bi urte geroago, Arma Biologikoei buruzko Nazioarteko Akordioa onartu zela. Hitzarmen haren arabera, arma biologikoak ikertzea, ekoiztea eta pilatzea debekatu zen. Akordioaren oinarrian segurtasun-eza zegoen, arriskutsuak baitziren eta sortu zituzten haien kontra itzul baitzitezkeen.

Ikusten denez, akordiorako arrazoia ez zen gizalegezkoa izan. Dena den, 130 herrialdek baino gehiagok sinatu dute akordio hori eta badirudi gizateriak ez lukeela arma biologikoen eta kimikoen mehatxurik sentitu behar. Egoera, berriz, oso bestelakoa da. Ingeniaritza genetikoak izan du errua.

Arma kimiko eta biologikoak: ezagunenak

Ziape-gasa

Lehen Mundu Gerran erabili zen arma kimiko boteretsuena izan zen. Lehen aldiz alemaniarrek erabili zuten 1917. urtean, Belgikan, eta triskantza handia eragin zuen frantziarren artean. Ziape deitura gasaren usainaren ondorioa da, gasak ziapearen antzeko usaina duelako. Gasa deitzen zaion arren, ziapea benetan ez da gasa, baizik eta sufre kloruroaren eta etilenoaren arteko erreakzioaren emaitza. Likido narritagarria da. Irakiten jartzen denean, lurrundu egiten da eta toxiko bihurtu. Airean kontzentrazio txikia nahikoa da jende askori eragiteko.

Ziape-gasa lehenengotarikoa izan zenez, aliatuak ezustean harrapatu zituen. Hala ere, denbora gutxira babes-neurriak aurkitzeko gai izan ziren, eta ez hori bakarrik, gerra kimikorako prestatzen ere hasi ziren. Ondorioz, substantzia berri ugari agertu zen: gas negar-eragilea, kloroa, etiloa, fosgenoa.... Azido zianidrikoa ere, gas-kameretan hiltzera kondenatuekin erabiltzen zena, garai hartakoa da.

Agente laranja

EEBBetako armadak Vietnamgo gerran defoliantetzat eta uztak suntsitzeko erabilitako herbizida-nahastea zen. Herbizida horien ondorioz, landareak bizkorregi hasten ziren eta fruitua eman baino lehen hiltzen ziren. Vietnamgo gerran arbolek hostoak galtzeko erabili zen, vietnamdarrek ez zezaten ezkutatzeko tokirik izan, baina ez zen kontuan hartu luzera izan zezakeen eragina. Dioxina-kantitate txikiak ere bazituen. Ondorioek gaur egun arte diraute: agente laranjak kaltetutako basoek ez dute hosto berririk, pertsona askok eta geroztik jaiotako ume askok dioxinak eragindako malformazioak nozitu dituzte eta minbizia-kasuak ere ez dira gutxi.

Vietnamdarrak ez ezik, soldadu estatubatuarrak ere kaltetu zituen agente laranjak. Soldadu ohi askok indemnizazioak kobratu zituzten agente laranjak osasunean kalte egin ziela frogatu ondoren, eta herbizida-nahaste hura erabiltzea erabat debekatua dago orain. 50.000 soldadu ohik frogatu ahal izan dute agente laranjak osasuna hondatu diela. Hori ikusita, vietnamdarrak zenbat izango ziren? Ez dago zehatz jakiterik, baina 50.000 baino askoz ere gehiago.

Antraxa

Antrax hitza grekerako Anthracis hitzetik dator, ikatza grekeraz. Izan ere, antraxak ikatzaren antzeko orbanak eragiten ditu. Antraxak odol beroko animaliak kutsatzen ditu, batez ere behiak, ardiak eta ahuntzak bezalako hausnarkariak. Gaixotasun zoonotikoa da; hau da, animalietatik gizakietara irits daitekeena. Garaiz antzemanez gero mendera daiteke, baina sarritan aparteko sintomarik ez du izaten eta animaliak bizkor hiltzen dira. Antrax-izurriteak behin baino gehiagotan gertatu badira ere, gaur egun ez du animalien artean protagonismo handirik. Beste gaixotasun batzuk, sukar aftosoa adibidez, galera ekonomiko handiagoak eragiten ari dira.

2000. urtean antrax-kasuak munduko 48 herrialdetan atzeman ziren; herrialde horietatik 36 hirugarren mundukoak dira eta gainerakoak garatze bidean dauden herrialdeak. Beraz, gehienbat herrialde txiroetako gaixotasuna da. Hala ere, horrek ez du esan nahi herrialde aberatsak salbu daudenik. Estatu Batuetako toki batzuetan, Texas en adibidez, antraxa gaixotasun endemikoa da, eta Alemanian eta Frantzian ere aurkitu dute kasuren bat edo beste.

Sarritan gatazkekin lotuta agertzen da antraxa. Antraxa-gatazka loturaren arrazoia sinplea da: ihesi doazen pertsonek sarritan animaliak ere eramaten dituzte, lehendik kutsatuta zeuden animaliak edo ihes egitean gaixotu diren animaliak. Normala denez, antraxa eta gatazka biltzen diren tokietan antraxak gizakiengan duen eragina ere gainerako tokietan baino handiagoa izaten da.

Gatazkarekin bezala, antraxaren kasuan txirotasunarekin ere egiten da lotura. Gosez dagoen jendeak antraxaren eraginez hildako animaliaren bat jateko aukera gehiago ditu, baita azterketarik pasatu ez duen haragia jateko ere. Logika berari jarraituz, pentsa daiteke albaitaritza-zerbitzu eskasa duten herrialde txiroetan antraxaz kutsatutako haragia jateko aukerak, eta, ondorioz, gaixotasuna gizakietan agertzeko aukerak, gehiago direla.

Antraxa, zoonosia den heinean, animalietatik gizakietara iristeko gai da. Baina ez da hain erraza, egoera naturalean behintzat. Gaixotasunaren aldaera hilgarriak —birikietakoak— artilearekin edo kutsatutako animalien larruarekin lanean aritzen direnei eragiten die.

Horrelakoetan, infekzioa arnasbideetatik sartzen da, baina ez da batere ohikoa. Azaleko gaixotasuna askoz ere ohikoagoa da; gizakietan gertatzen diren antrax-kasuen % 95 horrelakoak izaten dira, azalekoak. Tratamendu egokia jarriz gero, ez da arazorik izaten, eta hiltzen direnen kopurua ez da % 1era ere iristen. Antraxaren hirugarren aldaerak ere—urdaila erasotzen duenak—, heriotza eragin dezake, baina ez da biriketakoa bezain hilgarria. Kutsatuta dauden animalien haragia janda hartzen da gaixotasuna.

Osasunerako Mundu Erakundeak dituen datuen arabera, antrax-kasu gutxi gertatu da gizakietan. 1997. urtean agertu ei zen Ghanan: 185 kasu egon ziren eta 26 heriotza eragin zituen. 1998. urtean Errusian hiru bider agertu zen, baina 15 kasu besterik ez ziren egon; horietatik bi hil egin ziren. Azkenaldian, Etiopiako artzainen artean izan da antrax-kasu baten berri, baina oso eragin txikikoa, kutsatutako hipopotamoren bat jateagatik sortu baitzen. Osasunerako Mundu Erakundeak egindako estimazioek diotenez, jaten diren kutsatutako 30-60 animaliako, urdaileko antrax-kasu bat gertatzen da gizakietan.

Laborategietan ekoiztutako antraxaren kontua oso bestelakoa da. Antraxaren esporak gerra biologikorako aukerarik onenetakoa dira, erraz ekoizteaz gain, erraz gorde daitezkeelako. Gainera, urte asko irauten dute eta erraz sakabana daitezke. Helburua min egitea denez, balizko eraso mikrobiologikoetan antraxak kalte gehien egin dezakeen sarbideak —arnasbideak alegia— erabiliko lirateke. Helburua hori bada, antraxa bada beldurra emateko gaixotasuna; gainerakoan, ez da hainbesterako.

Arma biologikoen etorkizuna

1973an, Kaliforniako Stanford Unibertsitateko Stanley Cohen eta Herbert Boyer biologoek bakterio batzuen herentzia-materialean gene arrotzak txertatzea lortu zuten lehen aldiz. Hortaz, herentziaren segurtasun-sistema gainditzea lortu zen. Ondorioz, arma biologikoen inguruko ikerketa berpiztu egin zen. Izan ere, ordura arte nekez lortu eta erabiltzeko zailak izan zitezkeen mikroorganismo patogenoak beharren arabera diseinatzeko aukera sortu zen.

Pentagonoko militarrek laster ekin zioten galderak egiteari: nolakoak ziren arma horiek? Zelako eragina izan zezaketen?... Eta, galderak egiten ez ezik, proiektuak abian jartzen ere hasi ziren. Michael Breindl biologo molekularra proiektu militarretan aritu izan da: "Era guztietako proiektuak daude. Esate baterako, hesteetako Escherichia coli bakterioa genetikoki eraldatzeko planak badaude. Antibiotikoekiko erresistente bihurtu nahi dute lehenik, hesteetako azidoek ez kaltetzea bilatuko dute gero, eta gene toxikoak eta inbaditzaileak ere jar dakizkioke. Horrelako bakterioek gorputzaren babes-sistemari ihes egingo liokete eta zelulak deusestatzeko gai izango lirateke".

1980 eta 1987 urteen artean, Pentagonoak arma biologikoak eta kimikoak ikertzeko eta ekoizteko inbertsioak % 554 hazi ziren. 1.440 milioi dolar erabili ziren horrelako proiektuetan. Segurtasun handiko laborategiak eraiki ziren eta USAMRIID (Gaixotasun Infekziosoen Ikerketarako Estatu Batuetako Armadaren Institutu Medikoa) erakundearen laborategiak lanean hasi ziren. Lasa, Ebola edo Chikungunya birusak, bakterio ugari, perretxikoen, eskorpioien eta algen pozoia, eta hainbat toxina aztertu dituzte.

Jakina denez, militarrentzat lanean ari diren zientzialari estatubatuarrek dagoeneko lortu dute hainbat pozoi biologikoren geneen klonak egitea. Antraxaren egitura genetikoa dagoeneko ezagutzen da, baita botulismoaren, koleraren, difteriaren, tetanosaren eta hainbat sugeren pozoinarenak ere. Horrek esan du, beharra izanez gero, zientzialariek edozein unetan dutela substantzia horiek bizkor, erraz eta merke lortzeko aukera. Entsegu horietako asko ez dira ezagutzen, baina batzuk bai. Gizartearen aurrean, noski, osasun-ikerketaz mozorrotuta aurkezten dira.

Europako eta Estatu Batuetako adituek diotenez, genetikoki ekoiztutako arma biologikoak egin nahi dituen edozein estaturentzat, nahikoa litzateke jatorrizko materiala izango luketen 200 probeta hozkailu batean edukitzea. Hori eta farmazia-laborategi arrunten azpiegitura. Gainerako operazioa: garraioa, lehergaien kamerak birusekin betetzea, aerosolak... arma kimikoak egiteko erabiltzen diren egitura militarrak nahikoa izango lirateke.

Aplikazioari dagokionez, militarrek uste dute aerosola dela arma biologikoak hedatzeko bitartekorik egokiena. Gizateriaren armen historia silexezko tresnekin hasi zen, eta, zoritxarrez, ez zen arma nuklearrekin bukatu; ingeniaritza genetikoa dela medio, orain arteko arma suntsigarrienen belaunaldi berria sortzen ari dira. Eta harritzekoa bada ere, hori guztia legala da, ez du kontraesanik arma biologikoen debekuari buruzko akordioarekin, helburua babestea bada, horrelako ikerketak eta defentsa-sistemak espreski onartzen direlako akordioan. Beste behin, badirudi errealitateak fikzioa gaindituko duela.

Arma kimikoak

  1. Fosgene: Arnasketa-aparatuari eragiten dio. Berehala hiltzen du. Babes bakarra gasaren aurkako maskarak eta jantziak dira.
  2. XV: Nerbio-sistemari eragiten dio eta bihotzaren paralisia eragiten du. Minutu gutxian hiltzen du. Babesa gasaren aurkako maskarak eta jantziak dira.
  3. Sarin gasa: Nerbio-sistemari eragiten dio. Diafragman paralisia eragiten du. Bost minutuan hiltzen du. Babesa gasaren aurkako maskarak dira.
  4. Ziape-gasa: Arnasbideetan eragiten du. Ez da zeharo hilgarria, baina gaixotu egiten du.

Arma biologikoak

  1. Botulismoa. Zorabioa eragiten du, neurotransmisoreak eten egiten dira eta paralisia eragiten du, arnasketa erabat geldiarazi arte. Hilkortasun-tasa handia du. Txertoarekin eta toxinen aurkako tratamenduarekin sendatzen da.
  2. Antraxa. Sukarrarekin eta arnasketa-arazoekin hasten da. Neumonia eta egun batzuen buruan heriotza eragin dezake. Antibiotikoekin tratatzen da eta txertoa ere ari dira ikertzen.
  3. Izurria. Azaleko lesioa, odol-isuriak eta zirkulazio-arazoak eragiten ditu besteak beste. Hilkortasun-maila ertaina du.
  4. Baztanga. Sukarrarekin eta pustulekin hasten da. Oso erraz kutsatu eta hedatzen da. Txertoa hartuta edukiz gero, badago tratatzea.

Deia-ren D2 atalean argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia