}

Kide bat gehiago dinosauroen sendian

2001/01/25 Elhuyar Zientzia

Afrikaren ekialdeko Madagaskar uhartean dinosauro txiki eta berezia aurkitu dute. Fosila Kretazikoaren amaierakoa da, hots, duela 65-70 bat milioi urtekoa.

Dinosauro berriari Masiakasaurus knopfleri izena jarri diote, Mark Knopfler kantariaren omenez. Aurkitzaileek aitortu dute oso izen ortodoxoa ez dela baina bai aproposa. Izan ere, arkeologoek Knopflerren musika entzuten zuten bakoitzean aurkikuntzak egiten zituzten eta horregatik ipini diote hain izen bitxia.

Dinosauroa 1,6-2,0 metro luze da eta lepo eta isats luzeak ditu. 35 bat kiloko pisua omen zuen eta haragijalea zen. Hain zuen, hortzak eta matrailezurra oso bereziak ditu. Oso espezializatuak biak, dinosauroen artean orain arte ikusi gabeak. Atzealdeko hortzak dinosauro guztienak bezala zapalak eta zerradunak badira ere, aurrealdekoak konikoak dira, zulatutako puntak dituzte eta apenas dira zerradunak. Aurkitzaileek Nature aldizkarian adierazi dutenez, hortzak dira dudarik gabe dinosauro berriaren ezaugarririk arraroena.

Bestalde, fosilaren aurkikuntzak bestelako bi arrasto berri eman dizkie ikertzaileei. Batetik, Indian eta Argentinan aurkitutako dinosauro batzuekin ezaugarri komunak dituela-eta dinosauro txikiak hego hemisferioan uste baino gehiago zabaldu zirela ondorioztatu ahal izan da. Bestetik, dinosauro txiki horien banaketa geografikoa ahaide handienen parekoa dela ikusi dute eta hori plaken tektonika ikertzen dutenentzat lagungarri izan daiteke, kontinenteak nola higitu ziren jakiteko aztarnak ematen baitituzte fosilek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia