}

Kedarra eta klima-aldaketa

2002/10/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Kedarrak uste zena baino eragin handiagoa du klima-aldaketan, Stanford Unibertsitateko ikertzaileen esanean. Diesel ibilgailuek eta energia-instalazioek igorritako kedarra aztertu dute.

New Delhi-n egin berri duen bileran, Nazio Batuen klima-aldaketarako batzordeak berriz salatu du Estatu Batuen jarrera. Kiotoko protokoloari baietz esan ezean, han adostutakoak betetzea ezinezkoa izango dela errepikatu dute, hau da, karbono dioxido isurketak ez direla behar beste jaitsiko 2012rako. Dena dela, Errusiak protokoloa berretsiz gero, martxan jarriko dute.

Bitartean, aurrerabiderik ez duen eztabaida politikoa alde batera utzi eta lanean dihardute zientzialariek. Stanford Unibertsitateko Mark Jacobson-en taldeak orain arte bazterrean utzi den kedarra uste baino eragile garrantzitsuagoa dela proposatu du.

Ordenagailu bidezko simulazioak erabilita, kedarrak prozesu atmosferikoetan duen eragina aztertu dute eta, hura murriztuz gero, atmosfera azkar hozten dela ikusi dute; karbono dioxido kantitate bera murriztuta baino azkarrago. Arrazoia: Kedarra hilabete gutxitan desagertzen da atmosferatik eta CO 2 -ak, berriz, 200 bat urte behar izaten ditu.

Kedar-partikulek, berek bakarrik, ez dute berotegi-efektua asko areagotzen, bai, ordea, sufre dioxidoak eta antzeko poluitzaileek estaltzen dituztenean. Jacobson-en arabera, partikulek askoz ere erradiazio gehiago xurgatzen dute egoera horretan.

Emaitza horiek partikulen sorrerari buruzko hainbat suposiziotan oinarritzen dira oraingoz, baina kedarra klima-aldaketaren inguruko eztabaidan kontuan hartzeko eskatu dute, kedarra murriztuta epe laburreko ondorioak prebeni daitezkeelakoan. Adibidez, Europako Batasuneko estandarrek diesel ibilgailuak bultzatzen dituzte gasolinazkoen ordez, baina diesel ibilgailuek 40-250 aldiz kedar gehiago igortzen dute. Bestalde, Europan eta Estatu Batuetan, kedar-iturri garrantzitsuenak eraikuntza- eta nekazari-ekipoak izan arren, araudia lausoa dela esan du Jacobson-ek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia