Kastore europarra bizi den ibaiek % 26 karbono gehiago biltegiratzen dute

Kastore europarra. Arg: Pixabay


Birminghameko Unibertsitateak gidatutako ikerketa batean frogatu dute kastore europarrek (Castor fiber) egindako presek urtean % 26 karbono gehiago metatzen dutela ibaiaren eremu horietan. Karbono hori sedimentuetan eta urpean geratutako egur hilean pilatzen da batez ere, eta 30 urtez egon liteke gordeta. Gainera, presaren eragina lagungarria da akuiferoak betetzeko eta ura garbitzeko.

Izan ere, kastoreak adarrak, zuhaixkak eta zuhaitz txikiak moztuz eraikitzen ditu presak, eta lokatzarekin, harriekin eta ibaiaren beraren sedimentuekin egonkortzen ditu.

«Karbonoa sedimentuetan eta egur hilean pilatzen da batez ere, eta 30 urtez egon liteke gordeta»

Egitura horrek uraren abiadura moteltzen du, eta ibaian gora urez betetako eremu bat sortzen du. Korrontea moteltzean, material organikoa, hala nola hostoak, landare-hondarrak eta egur hila, metatu egiten da, eta sedimentuetan geratzen da. Hala, eremu hori karbono-biltegi eraginkorra bilakatzen da.

Naturan oinarritutako irtenbidea

Ikerketa urtebetez egin dute, Suitzako Rin ibaiaren arroan, 800 metroko ibai-zati batean, non 2010etik dauden kastoreak. Ibaiko hiru puntutan neurtu dituzte sistematik sartzen eta ateratzen diren karbono-fluxuak: presak dauden lekuaren aurretik, kastoreek aldatutako eremuaren barruan, eta ibaian behera. Irekian argitaratu dituzte emaitzak.

Ikertzaileen esanean, ondorioa kontuan hartzekoa da naturan oinarritutako irtenbide klimatikoetan. Horrez gain, ohartarazi dute kastore europarra ez dela nahastu behar amerikarrarekin (Castor canadensis), azken horrek ondorio askoz ere handiagoak sor baititzake bere eremu naturaletik kanpo, eta ez mesederako.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali