Karbono dioxidoa lurperatzeko metodoa

2001/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ohitura ez galtzeko, ale honetan ere karbono(IV) oxidoak ingurugiroan eragiten duen kaltea arintzeko asmatutako azken metodoaren berri emango dizuegu. Australiako Adelaide Unibertsitateko zientzialariek proposatu dute eta helburua CO2-a lurpera ponpatzea da. CO2-aren iturrien artean, petrolio-erauzketan eta gas-hobietan kanporatzen dena dago, eta gas hori berriro jatorriko lekura itzuli nahi dute. Zientzialarien ustez, berotegi-efektuko gasen inpaktua gutxitzeko irtenbide merke eta praktikoenetakoa da. Orain, kezka nagusia ehunka milioi tona CO2 biltegiratzeko lekua bilatzea da.