}

Kalamua, saguak eta zuhurtasuna

2000/03/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Kalamuak medikuntzan dituen erabilerei buruzko azkenaldiko berriek nahasmendua sortu dute.

Garuneko minbizia eta esklerosi anitza senda ditzakeela argitaratu berri da

Azken egunetan kalamuak medikuntzan dituen erabilei buruzko berri ugari eman da argitara. Landare horretatik erauzten den substantziak arrakasta handia izan du laborategiko saguen artean. Irakurleari ere kalamua hitz soilak begiak zabaltzen dizkio. Irrika ala beharra?

Aspaldidanik erabili izan da kalamu landarea. Droga ezaguna da, ez da gogorregia eta nahiko erraza lortzeko. Medikuntzan ere erabili da. Astebeteko epean, kalamua garuneko ia edozein gaitzen sendatzaile bilakatu da. Ez dago berri erakargarriagorik.

Kalamu landarean tetrahidro cannabinol izeneko substantzia dago, gehienok THC bezala ezagutzen duguna. Egitura dibertigarria duen molekula da, hiru eraztunez osatutako buru handi batekin eta bost karbono atomorekin isatsa moduan. Gainera, alkohol taldea (-OH) du molekularen urarekin kontaktoa egiteko, beste zati osoa hidrofobikoa baita. THCk, garunaren barruan, ezaguna denez, proteina zehatz batzuekin (errezeptoreekin) topo egiten du eta prozesu asko martxan jartzen ditu. Horraino ez dago ezer berririk.

Erabat modan murgildutakoa

Azkenaldian, ordea, aldizkari espezializatuetan artikulu ugari irakurri ahal izan ditugu THC-ren (eta, noski, kalamu landarearen) eraginei buruz. Joan den asteartean argitaratutako batek THC-z tratatutako garuneko minbiziaren berri ematen du. Lana Madrilgo talde batek egina zen, eta oihartzun handia izan zuen albisteak. Bost egun lehenago, THC eta esklerosi anitza lotzen dituen beste artikulu bat plazaratu zen. Erresuma Batuan burututako ikerketa zen. Bi kasuetan saguetan egin ziren probak eta bi kasuetako emaitzak konplexu samarrak ziren, alegia, ezin da esan kalamuak garuneko minbizia edo esklerosi anitza sendatzen dituenik.

Joera handia dago bai egunkarietan bai telebistan handikeriak plazaratzeko, titularretan batik bat. Ondorioz, honako titular motak irakurri ahal izan ditugu egun hauetan: «Haxixak arratoien garun minbizirik hilgarriena sendatzen du». Zuhur jokatu behar da.

Esperimentu arrakastatsua izanda ere, ez dugu ahaztu behar emaitzak ez direla inolaz ere hain zuzenak. Esperimentuan parte hartu zuten hiru sagutatik bat bakarrik sendatu zen erabat, beste baten tumorea txikiagotu egin zen, desagertu gabe, eta beste batengan ez zuen efekturik izan. Egia da gaixotasuna oso garatuta zuten saguak erabili zirela, baina baita laborategiko baldintzetan zeudela. Tumore mota bakarra aztertu zen. Prentsan, beste tumore mota batzuen kasuetarako baliagarri izan daitekeela aipatu da, baina ez da oraindik horren probarik egin. Zientzialariak, ordea, zuhurragoak dira. «Ez dakigu funtzionatuko duen, baina proba egin behar da», dio Manuel Guzman ikerketa taldearen burua. Bestetik, pentsa daiteke saguetan gaixotasuna eragina izan dela eta, beraz, ez duela naturan gertatzen deneko jatorri bera. Ezer gutxi dakigu minbizien jatorriari buruz. Beraz, poztu gaitezen, baina utz diezaiegun ikerlariei lasai lan egiten.

Komunikazio zintzoaren beharra

Arriskutsua da oso itxaropena esparru horietan sustatzea. Jatorrizko artikuluak poliki irakurrita poz handia sentitzen da, baina hori bakarrik.

Lehen aipatu den bezala, cannabinoideak (besteak beste THC ospetsua) esklerosi anitzaren kasuan ere aztertu dira. Poliki irakurtzean, esklerosiaren modelizazioa besterik ez zela konturatzen gara, eta saguetan berriz ere. Animalien osasuna aztertzeko bi azterketa mota egiten ziren. Alde batetik, atzeko hanken dardara, eta bestetik, hanka horiek jasotzeko ahalmena neurtzen zizkieten. Azken hori garuneko paralisiaren eredu bezala. Emaitzak adierazgarriak dira. Ikerlarien ondorioa da THC-ak dardara eta garuneko paralisiaren prozesuetan parte har dezakeela. Uretan disolbatzen ez denez, garunaren barruan oso azkar mugitzen den substantzia da.

Hala eta guztiz ere, egileen esanetan, «kalamuaren erabilera esklerosi anitzaren tratamenduan oraingoz anekdota hutsa da».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia