Kable hiltzaileak
1993/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arranoak, saiak, zikoinak, etab. egunero hiltzen dira kable elektrikoen ondorioz. Leku desberdinetatik iristen zaizkigun zenbakiek egoera larria dela adierazten dute.
Ornitologiarako Sozietate Espainolak emandako datuen arabera, Madrilgo El Escorial eta San Martin de Valdeiglesias herrietan azken hiru urteotan 16 eguzki-arrano hil dira kable elektrikoen eraginez. Alderdi horretan gaur egun espezie horretako 13 bikote besterik ez dagoenez, espeziea arriskutan dago.
Aipatu Sozietateak dioenez, Madrilgo Komunitatean linea elektrikoak aldatzeko behar diren 105 milioietatik % 75 Europako Elkartetik lortu dira eta gainerako % 25 ICONA eta Ingurugirorako Agentziak jarriko du. Orain arte, egin behar diren zazpiehun aldeketetatik 100 besterik ez dira egin.
Dena den, Madrilen gertatu dena estatu espainoleko beste leku batzuetan maizago gertatzen da. Estremaduran adibidez, joan den urtean, eguzki-arrano bat, 12 Bonelli arrano, 16 arrano beltz, 14 sai beltz, 33 basoilo, 2 zikoina beltz eta 104 zikoina zuri hil ziren.
Hiltzeko arrazoia, oro har, ez da talka izaten; kableen gainean jartzea baizik. Hau dela eta, talde ekologistak eskaera desberdinak egiten ari dira; besteak beste, kable guztiaklurrazpira sartzea eta isolamendu egokiak jartzea. Zer esanik ez, lehenengo irtenbidea bigarrena baino garestiagoa, baina aldi berean egokiagoa denez, eztabaida latzak sortzen ari dira administrazio eta ekologisten artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia