Jaso eta zabaldu, biopirateriatik babesteko
2009/02/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Dokumentaziogune hori osatzeko, hamar urte behar izan dituzte, eta, horretarako, 200 ikertzaile pasa aritu dira Indiako osasun-sistemetako (ayurveda, unani, siddha eta yoga) antzinako liburuak aztertzen. Guztira, 230.000 datu baino gehiago bildu dituzte; tartean, sendagaiaren izena, osagaien izenak eta bakoitzetik erabiltzen den kantitatea, osagaia prestatzeko modua, gaixoari emateko era... Antzinako liburuetako irudiak ere jarri dituzte, eskaneatuta, eta baita xehetasun bibliografikoak ere. Hori guztia denen eskura jarri dute, bost hizkuntzatan: ingelesez, alemanez, frantsesez, gaztelaniaz eta japonieraz.
Dokumentaziogune hori osatzeko, hamar urte behar izan dituzte, eta, horretarako, 200 ikertzaile pasa aritu dira Indiako osasun-sistemetako (ayurveda, unani, siddha eta yoga) antzinako liburuak aztertzen. Guztira, 230.000 datu baino gehiago bildu dituzte; tartean, sendagaiaren izena, osagaien izenak eta bakoitzetik erabiltzen den kantitatea, osagaia prestatzeko modua, gaixoari emateko era... Antzinako liburuetako irudiak ere jarri dituzte, eskaneatuta, eta baita xehetasun bibliografikoak ere. Hori guztia denen eskura jarri dute, bost hizkuntzatan: ingelesez, alemanez, frantsesez, gaztelaniaz eta japonieraz.
Horrekin, medikuntza tradizionalari buruzko ezagutza biltzeaz eta jakinarazteaz gain, biopirateria eragotzi nahi dute. Izan ere, ezagutza hori ahoz aho transmititu da mendeetan zehar, eta herriarena da, eta ez dute nazioarteko patente-bulegoetan inor horren jabe bihurtzerik nahi, lehen kurkumarekin edo nim arbolarekin gertatu zen bezala.
Biopirateriaren aurka
Hain juxtu, patenteen erabilera okerraren, hau da, biopirateriaren, adibide garbiak dira biak ere. Curcuma longa landarearen sustraiak asko erabiltzen dira Indiako sukaldaritzan, baita medikuntzan, kosmetikan eta tindaketan ere. 1995ean, Estatu Batuetako patente-bulegoak patente bat eman zien jatorri indiarreko Mississippiko Unibertsitateko bi ikertzaileri, kurkuma zauriak sendatzeko erabiltzeagatik.
Alabaina, patentatu ahal izateko, asmakizun batek ezaugarri hauek izan behar ditu: berria izatea, erabilera berria izatea eta industrialki aplikatzea. Eta ez kurkuma bera, ez haren erabilera ez dira berriak. Hala, CSRIk auzi bat jarri zuen patentearen aurka. Aspalditik erabiltzen zela frogatzeko, antzinako liburu sanskritoetako dokumentazioa eta Indiako Medikuntza Aldizkariko 1953ko artikulu bat aurkeztu zituen. Bi urte geroago, 1997an, Estatu Batuetako patente-bulegoak patentea baliogabetu egin zuen. Halakorik gertatzen zen lehen aldia izan zen.
Nim arbolaren kasua antzekoa da. Nim arbola, Melia azadiratch, Indiako zuhaitz bat da, eta malariaren sintomak arintzeko, larruazaleko gaitzen aurka, intsektuak hiltzeko eta landaketak onddoetatik babesteko erabiltzen da, besteak beste.
1994an, Europako patente-bulegoak (EPO) patente bat eman zien Estatu Batuetako Nekazaritza Sailari eta W.R. Grace Company enpresari, landareen onddoak kontrolatzeko metodo batengatik. Baina metodoa nim arbolaren olioan oinarrituta zegoen, eta, 1995ean, nekazari indiarren ordezkariek eta gobernuz kanpoko erakunde batzuek auzi bat ireki zuten patentearen aurka. Nimaren olioa helburu horrekin aspalditik erabiltzen dela frogatu zuten, eta azkenean, 2000. urtean, EPOk arrazoia eman zien.
Ez dira horiek biopirateria-kasu bakarrak; Indiako TKDL dokumentazio-zentroaren webgunean, Amazoniako ayahuasca, Pazifikoko kava, Andeetako kinoa, eta Afrikako hoodia ere aipatzen dituzte. Hain zuzen, TKDL beste herrialde batzuetarako eredu izan daitekeela uste dute sortzaileek. Eta batzuek dagoeneko eman dute lehen pausoa: Hegoafrikako Errepublikak, Nigeriak, Malaysiak, Thailandiak eta beste herrialde batzuek dagoeneko adierazi dute horrelako bilduma bat egiteko asmoa dutela, herriaren jakintza ez dadin gutxi batzuen eskuetan geratu.
Hala eta guztiz ere, batzuei kezka eragin die informazio hori guztia webgune batean argitaratzeak. Esate baterako, New Delhiko Devinder Sharma merkatu-analistak Nature zientzia-aldizkariari adierazi dionez, farmazia-konpainiek sendagaien formulazioekin "jokatu dezakete, eta patentatzeko egokitu". Lege guztiak, beren tranpia.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia