}

Japoniak lur arraroak aurkitu ditu itsaspean

2011/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

japoniak-lur-arraroak-aurkitu-ditu-itsaspean
Ordulariaren orratzen norabidean, goitik eta erditik hasita: praseodimioa, zerioa, lantanoa, neodimioa, samarioa eta gadolinioa. Arg.: Peggy Greb/USDA. - Arg.
Japoniak lur arraroak aurkitu ditu itsaspean
2011/09/01 | Elhuyar
 

Tokioko Unibertsitateko ikertzaileek jakinarazi dutenez, Ozeano Barearen hondoan, itsas jalkinetan, 80-100 mila tona lur edo metal arraro daude. Nature Geoscience aldizkari espezializatuan eman dute horren berri. Nonbait, 78 lekutan topatu dituzte metal arraro horiek, nazioarteko uretan, Hawaiiren ekialdera eta mendebaldera, eta Tahitiren ekialdera. Kalkulatu dutenaren arabera, kilometro karratu bakarrean urtean kontsumitzen den metal arraroen bosten bat dago.

Albistea oso ona da Japoniarentzat, metal arraroen ekoizpena eta merkatua Txinaren eskuetan baitago gaur egun. Beraz, itsaspeko meategiak ustiatzeko modua aurkituz gero, Txinaren monopoliotik ihes egiteko aukera izango luke Japoniak. Eta horrek sekulako garrantzia du Japoniarentzat, metal arraroak gako baitira hainbat produktu teknologiko ekoizteko: auto hibridoak, plasmazko telebista-pantailak, katalizatzaileak, LCD-panelak, erresonantzia magnetikoko aparatuak, aerosorgailuen turbinak...

Orain, jalkinetatik metal arraroak nola erauzi aztertzen ari dira. Asmoak, baina, kezka eragin du ingurumenaz arduratzen direnen artean, jarduera hori itsas ekosistemarako oso kaltegarria izan daitekeela uste baitute.

1
278
2011
9
011
Materialak; Geologia; Ozeanografia; Ingurumena
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia