}
Jane Goodall Primatologoa eta naturalista

"Nik uste nuen txinpantzeak eta gu antzekoak ginela, baina haiek atseginagoak zirela"

2011/01/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1960. urtean hasi zen txinpantze basatiei behatzen eta haiek deskribatzen, eta, 50 urte beranduago, ez ditu utzi. Ez zuen ikasketarik, baina Louis Leakey, txinpantzeak aztertzeko aukera eman zion paleontologoa, berehala ohartu zen Jane Goodall zela txinpantzeak bertatik bertara aztertzeko behar zuen pertsona. Gaur egun, natura kontserbatzeak duen garrantzia azaltzen du mundu osoan. Tolosako Naturaldia jardunaldien amaiera-ekitaldiko hitzaldia eman zuen, eta aukera aprobetxatu genuen harekin egoteko.
jane-goodall-nik-uste-nuen-txinpantzeak-eta-gu-ant
Argazkia: Andoni Canellada/Argazki Press - Arg. Andoni Canellada/Argazki Press
Jane Goodall: "Nik uste nuen txinpantzeak eta gu antzekoak ginela, baina haiek atseginagoak zirela"
2011/01/01 | Lakar Izaizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Has gaitezen hasieratik. Berez duzun animalienganako zaletasunak eraman zintuen txinpantzeetaraino. Espero zenuen bizitza osorako lan bat izango zela?

Ez, ez nuen espero. 23 urte nituen Louis Leakeyrekin Afrikara joan nintzenean, eta txinpantzeekin ez nintzen hasi 26 izan nituen arte. Eta, garai haietan, ikerketa luzeenak urtebetekoak izaten ziren. Ez zegoen aukerarik azterketa luzeagoak egiteko.

Nola gogoratzen duzu zure ikertzaile-ibilbideko hasierako etapa?

Ikaragarri frustragarria izan zen, txinpantzeek alde egiten zutelako. Hiruzpalau hilabetez egin zuten hanka. Ni ikusten ninduten aldiro. Oso zuhurrak dira, eta ni agertu arte sekula ez zuten tximino zuririk ikusi. Begiratu bat egin, eta landaretzan desagertzen ziren. Pazientzia handia behar izan nuen. Eta, beti amestutako bizitza izan arren, banekien ez baldin banuen ezer zirraragarririk ikusten dirua desagertu egingo zela. Izan ere, sei hilabeterako dirua zegoen. Nik ez nuen ikasketarik. Burugabekeria bat zen, benetan. Baina, zorionez, tresnak erabiltzen eta egiten ikusi nuen, eta horrek bermatu zuen National Geographic Elkartearen dirua.

Nola gogoratzen duzu txinpantzeekin harremanetan hasi zinen lehenengo unea?

Oso sentsazio magikoa izan nuen txinpantze-talde baten ondoan jarri eta haiek hanka egin ez zuten lehenengo aldian. Onartu egin ninduten, azkenean! Zoragarria izan zen.

Zein izan da txinpantzeetan ikusi duzun portaera zirraragarriena?

Tira, zaila da esaten, hainbeste gauza zirraragarri egiten baitituzte, hala nola ikasi... baina ni gehien liluratu ninduen gauza amen eta kumeen arteko harremana izan zen, eta kumeen garapena. Orain badakigu, denbora luzeko azterketa baten ondorioz, amatasun-motak eta hasierako bizipenek izugarrizko eragina dutela kumeek duten garapenean. Badakizu, ama onak eta ama txarrak daude, eta haur-psikologoek gero eta gehiago nabarmentzen dute zer garrantzitsuak diren haurren hasierako esperientziak. Txinpantzeen ama-kume harremanen artean, ikusi nuen, adibidez, kumeak hil ere egin daitezkeela ama hiltzen bada, bihozminez. Eta portaera horiekiko interesa agertu zuten lehenengo pertsonak ez ziren zoologoak edo biologoak izan, haur-psikologoak baizik. 1962. urtean izan zen hori.

Eta tresnen erabilera?

Behaketa erabakigarria izan zen hura; izan ere, horri esker lortu genuen dirua. David Greybeard izena eman nion txinpantzea izan zen: termita-muino batean makurtzen ikusi nuen, eta termitak harrapatzeko belar-zatiak erabiltzen. Eta, gero, adaxka bat hartzen ikusi nuen, eta haren hostoak kentzen... hau da, tresna bat egiten ikusi nuen. Behaketa zinez zirraragarria izan zen.

(Argazkia: Andoni Canellada/Argazki Press)
Eta harrigarria?

Ez, behaketa horrek ez ninduen harritu. Izan ere, txinpantze gatibuei buruz irakurri nuen, eta banekien tresnak erabiltzeko gai direla. Baina jendea, zientzialariak, hain hantusteak ziren! Uste zuten gatibualdian tresnak erabiltzeko gai baldin baziren gizakien jokabide zoragarriren baten eraginez izango zirela. Hortaz, ezinezkoa zen portaera hori izatea halako txinpantze basati hezigabe eta sinpleek.

Eta, portaera negatiboen artean, zeinek harritu zintuen gehien?

O!, kanibalismoak harritu ninduen, eta astindua eman zidan: emeek kume jaioberriak jateak, beren talde sozial bereko kideak, edo arrek beren lurraldearen mugan patruilatzen ari direla emeei eraso egiteak eta hiltzen uzteak, eta kumetxoak hartzeak eta hiltzeak. Jaten ez nituen ikusi, baina hiltzen uzten bai, edonola ere.

Hunkituta gelditu nintzen; izan ere, nik uste nuen txinpantzeak eta gu antzekoak ginela, baina haiek atseginagoak zirela. Kronika benetan tristeak egin nituen, ohartu nintzenean naturaren alderdi ilun hori ere badutela. Harrezkero, askoz antzekotasun handiagoa aurkitzen dut gure eta haien artean.

Gauza asko ikasi dugu guri, gizakioi, buruz, txinpantzeei behatuta, ezta?

Pila bat ikasi dugu eboluzioari buruz. Louis Leakeyk nahi zuen nik txinpantzeak aztertzea, uste baitzuen gaur egungo txinpantzeetan eta gizakietan portaera jakin bat ikusten badugu portaera bera edo antzekoa izango zuela bien arbaso komunak, gizakion ezaugarriak zituen tximinoak, orain dela sei milioi urte.

Horrenbestez, portaera jakin hori bai txinpantzeek bai gizakiek izan dute sei milioi urteko eboluzioan. Leakeyk interesa zuen, pentsatu zuelako bide aproposa izan zitekeela antzinako gizakiak izan zezakeen portaera ulertzeko. Fosilen bila zebilen bera, antzinako gizakien arrastoen bila.

Bestalde, zalantzarik gabe portaera oldarkorrak ditugula ulertzen lagundu digu. Horrenbestez, jende askok esaten du "orduan, horrek esan nahi du gizakiongan saihestezinak direla indarkeria eta gerra". Nik, ordea, ez dut uste saihestezinak direnik. Modu berean ohar gaitezke maitasunarekiko, errukiarekiko eta altruismoarekiko joerak ere gurekin eraman ditugula eboluzioan. Izan ere, txinpantzeek ere badituzte ezaugarri horiek guztiak. Hortaz, geure esku dago. Nire ustez, naturaren bi alde horiek ditugu guztiok, gure antzinako primate-iraganetik heredatutakoak, biak ere. Nik, behintzat, badakit baditudala.

Eraginik ba al dauka txinpantzeen komunitateetan gizakiekin harremanetan egoteak?
Mister H peluxezko tximinoa izaten du beti Jane Goodallek bidaide: 60 herrialdetan baino gehiagotan egon da harekin dagoeneko, eta 2,5 milioi lagunek baino gehiagok ukitu dute. Arg.: Andoni Canellada/Argazki Press.

Aldaketa handia eragin genuen, bananak eman genizkienean jateko. Askoz banako gehiago eta maizago elkartzen ziren. Ondoren, oso banana gutxi ematen hasi ginen, inoiz edo behin, eta lehenagoko jokabidera itzuli ziren. Nabarmentzeko moduko zerbait izan zen, benetan. Orain ez diegu inolako jakirik ematen.

Gaur egun, nire ustez, Gombeko txinpantze-taldeen arteko harremanean dugu eragin handiena. Hiru komunitate desberdin daude, eta erdikoa bakarrik dago benetan ohituta gu han egotera. Hortaz, gure txinpantzeren baten atzetik baldin bagoaz, eta hura [bere lurraldeko] mugara joaten bada, eta han ondoko komunitateko talderen bat baldin badago, ikaratu egiten ditugu eta ihesi joaten dira. Horrek abantaila ematen die gure txinpantzeei. Izan ere, altxatu eta portaera oldarkorra izan lezakeen talde batekin topo egin ordez, ihesi ateratzen diren banakoak aurkitzen dituzte.

Zenbaterainoko harremana izan duzu txinpantzeekin? Inoiz zaindu zaituzte, eta, adibidez, zorriak kentzen hasi zaizkizu buruan, edo sexu-harremanik izaten saiatu dira?

Ez, inondik ere ez. Gaztetxoek gora igo nahi izaten dute, eta miatu, ukitu. Garai batean, hasiera-hasieran, ni ukitzen uzten nien; zergatik ez? Orduan ez nintzen ohartzen gure gaixotasun guztiak har ditzaketela, eta, hortaz, oso arriskutsua dela. Baina kontuan izanda urtebetez txinpantzeak nigandik ihesi ibili zirela, azkenean, bat ukitzera iristea txundigarria izan zen, zirraragarria.

Hala ere, atzera begiratuta, ez zen gauza ona izan. Hasieran, arropak probatu eta lapurtu egiten zituzten; izugarri atsegin zuten arropa zupatzea. Baina ez, ez genuen inolako harremanik konfidantza neutral horretaz harago. Ez nuen Dian Fosseyk bezala egin. Hura gorilen artean integratu zen; haien gizarteko kide bilakatu zen. Ni ez. Nik behatu egin nahi nien.

Txinpantzeen egoera txarraz ohartarazteko utzi zenion ikerketa-lanak egiteari?

1986an izan zen, jardunaldi handi batean; txinpantzeekin lanean zebilen jende guztia elkartu zen. Kontserbazioari buruzko lehenengo saioaren ondoren izan zen. Ikaragarria zen egoera, Afrika osoan, muturretik muturrera: habitata desagertzen ari zen, txinpantzeak ehizatzen ari ziren janaritarako... Eta, bestalde, gatibutzan zituzten kondizioak ezagutu nituen. Ezkutuka filmatutako grabazioak erakutsi zituzten, ikerketa medikoen laborategietako txinpantzeena, eta bost oin bider bost oineko kutxetan sartutako txinpantzeena, buruarekin hormak jotzen zituztela... Hala, zientzialaria nintzela sartu nintzen lau eguneko batzar hartan, eta aktibista gisa atera nintzen. Harrezkero, urtean 300 egun ematen ditut bidaiatzen.

Lakar Izaizoz, Oihane
3
271
2011
1
18
Elkarrizketak; Zoologia; Eboluzioa; Ingurumena
Elkarrizketa
28

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia