}

Izoztutako enbrioiak, polemika-iturri berria

1995/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izozturiko enbrioiak eta ernalketa-teknikak gero eta arruntagoak badira ere, hauen inguruko eztabaidak berean dirau.

Izozturiko enbrioiak eta ernalketa-teknikak gero eta arruntagoak badira ere, hauen inguruko eztabaidak berean dirau. Oraingo honetan Frantziako Garapen Biologia ikerketa-taldearen aurkikuntzek sorrarazi dute polemika. Arratoiekin egindako saiakuntzak oinarritzat harturik, izozturiko enbrioiak erabiliz lortutako aleek jokaera- eta erreakzio aldaketak izaten dituztela egiazta omen daiteke. Ikerlariek aurkeztutako txostenak dioenez, aldaketa hauek ez dira berehala atzematen, epe motz edo ertainera nabariak badira ere. Erasorako joera handiagoa eta erreakzio bortitzagoak izaten ei dituzte izoztutako enbrioen bidez jaiotako arratoiek.

Ikerketaren datuak kaleratu orduko, giza-enbrioiekin antzeko aldaketarik gerta daitekeela zabaldu bada ere, albisteak ez du sinesgarritasun handirik lortu ikerlarien artean. Ernalketa-teknikek giza-genetan eragin ditzaketeen aldaketak ikertzen diharduen talde britainiarrak, esaterako, Frantziako azterketak egiaztatuko lituzkeen batzorde bat sortzeko eskatu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia