}

Izotz-aroen lekukoa bizirik

1987/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Australiako National Botanic Gardens izeneko erakundeko zientzilariak, eukalitu harrigarri baten hazi bat hazten ari dira. Hau izan daiteke Australiako azken izotz-aroaz gero (duela 10.000 urtez gero) ernaltzen den espezie honetako lehenengo hazia.

Joan den urtean Hego Gales Berrian aurkitutako eukalitu berri eta harrigarri baten hazi-multzo batetik ernaldu den bakarra izan da. Eukalitu hauen bost ale soilik ezagutzen dira eta bostek 100 m2-ko azalera besterik ez dute estaltzen.

Zuhaitzak, hosto txiki, lodi eta haragitsuak dauzka; olio-guruinez josita daude. Australiako beste 600 inguru eukalitu-espezietatik oso desberdina da eta errudaren familiakoa zela uste izan zen hasiera batean.

Eukalitua bizi deneko lurraldeak, klima moderatua du gaur egun. Hala ere, eukalitu honek badu klima hotzeko eukalituekin lotzen duen zenbait ezaugarri.

Egin diren ernalkuntz saioek gainera hipotesi horri laguntzen diote; eukalitua izotz-aroaren lekuko denari alegia. Ohizko ernalkuntz teknikek, huts egin zuten. Ernaldu den hazi bakarra, haziak lur-geruzen artean estratifikatu ondoren izozkailu batera sartu zirenean ernaldu zen. Loaldia hausteko hotzaren beharra ez da normala Australiako landaretan. Australiako goimendi eta ingurutan bizi direnek bakarrik behar izaten dute hotza.

Hotza behar izatea oztopoa izan da, noski, eukalitu honen hazia naturalki ernal dadin azken 8000 mila urteetan; izotz-aroa bukatu zenez geroztik alegia. Eskualdeko neguak ez dira haziaren loaldia hausteko behar bezain gogorrak. Bestalde, lurrean gelditutako haziak inurrien elikagai izan ohi dira eta gainera hazi-sakabanaketa oso gertakizun harrigarria da; sutearen ondoren bakarrik gertatzen bait da.

Izotzaldietako lekuko den jaioberri horri bizialdi luzea opa diezaiogun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia