}

Vega suziri berria aireratzeko prest

2012/02/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ivegai-suziri-berria-aireratzeko-prest
Arg. ESA - J. Huart, 2012

Vega suziriaren lehen hegaldia astelehenerako dago programatuta, eta Kouroutik jaurtiko dute (Guyana Frantsesa). Gaur egun, ESA agentziak dituen hiru suzirietatik txikiena da Vega, eta ikerketarako sateliteak orbitan jartzeko diseinatu dute. Jaurtiketa “merkeak” izango dira, espaziotik egindako ikerketa sustatzeko. Hegaldi honetan, esate baterako, bederatzi satelite jarriko ditu orbitan, eta adituek espero dute, alderdi horretatik, suziri berezi honen ibilbidea oparoa izatea.

Berezia da, suziri hau iritsiko delako besteak iristen ez diren orbitetara. Izan ere, Vegak ahalmena du sateliteak poloen gaineko orbitetara eta orbita baxuetara eramateko —2.000 kilometrotik beherakoetara—. Orbita horiek ikerketarako interesgarriak dira, batez ere, Lurra bera espaziotik aztertzeko; baina ez dira baliagarriak satelite komertzial gehienetarako. Horregatik, Vega suziria ez dute erabiliko, adibidez, telekomunikazioko sateliteak espazioratzeko (sateliteen esparruko jarduera errentagarrienerako, alegia).

Suziria 30 metro luze eta 3 metro zabal da, eta lau fase ditu. Lehen hirurek erregai solidoa erabiltzen dute, eta, haiek askatu ondoren, suziriaren “burua” erregai likidoz baliatzen da, orbitan modu zehatz batean sartzeko.

Asteleheneko hegaldian, Vegak bederatzi satelite eramango ditu. Nagusia LARES satelitea da, Italiako Espazio Agentziak grabitatearen efektua eta erlatibitatea aztertzeko egin duen satelite bat. Horrez gainera, Lurra behatzeko, ALMASat-1 satelitea eta zazpi satelite kubiko txiki —CubeSatak— jarriko ditu orbitan. Lehen hegaldi honetan arazorik ez badago, beste bost misio egingo ditu Vegak 2016. urtea baino lehen.

PW-Sat satelite txiki kubikoa. Vega suziriaren lehen hegaldian orbitan jarriko dituen zazpi CubeSat-etako bat. Varsoviako Teknologia Unibertsitatean garatu dute. Arg. ESA/A.Reyes

Italiako Espazio Agentziak eman zituen Vega sortzeko lehen urratsak. Izena bera akronimo bat da, hitz hauetatik sortua: Vettore Europeo di Generazione Avanzata (Belaunaldi Aurreratuko Garraio Suziri Europarra), eta Vega izarraren izena gogorarazten du. Italiarrek izan zuten kostu baxuko suziri bat egiteko ideia; haiek egin dute lan tekniko gehiena, eta haiek jarri dute diru gehiena proiektuan. Guztira 25 urte behar izan dituzte suziria garatzeko, eta lehen hegaldia egiteko datak atzerapen asko izan ditu. Adituek diote lehen jaurtiketak nahitaez otsailaren 13an izan behar duela, jaurtitzea lortzen ez badute hurrengo saioak atzerapen handiegia izango lukeelako. Hain zuzen ere, Kouroutik martxoaren 9an Arianne 5 suziria jaurti behar dutelako, eta jaurtiketa horrek lehentasuna izango duelako Vegarekiko, ISSrako modulu berri bat eraman behar baitu. Vega jaurtitzeko aukera egun gutxi batzuetako epe baten barruan dago. Atzerakako kontaketa hasi da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia