Itxaropena Kubako Soberana 2 txertoarekin

2021/03/11 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

COVID-19aren esparruan, kubatarren lan deigarriena, agian, garatzen ari diren lau txertoak dira. Haietako bat, Soberana 2 izenekoa oso aurreratuta dago, azken fase klinikoan.
Arg. temas.sld.cu

Begira diezaiogun Kubari. Uharte hartan, COVID-19aren kasuen kopurua oso txikia izan da abendura arte. Baina orduan, “hirugarren olatu” deitzen dugun horretan, kasu kopurua bat-batean asko handitu da. 


Nazioarteko politikako balorazio sakonetan sartu gabe, argi dago Kuba jasaten ari den blokeoak asko eragiten diela COVID-19aren kudeaketari dagokionez. Hala ere, gogoratu behar da, Kubak oso osasun-sistema indartsua eta kalitate handikoa izan duela, eta oraingo egoeran ere aipatzeko moduko emaitzak dituela ikerketari eta garapenari esker. New York Timeseko artikuluetan ere aipatzen da hori. Candace Johnson doktore estatubatuarrak, Buffalo hiriko Roswell Park zentroko presidenteak, egunkariari horrela esaten zion: “Jendeak batzuetan uste du, Kuba denez, ikertzaileek botikak egiten dituztela garajean eta handik banatzen dietela pazienteei. Ez da egia. Lanean ari dira beste edozein herrialdek erabiltzen dituen arau eta kalitate altu berarekin”. 


COVID-19aren esparruan, kubatarren lan deigarriena, agian, garatzen ari diren lau txertoak dira. Haietako bat, Soberana 2 izenekoa oso aurreratuta dago, azken fase klinikoan. Vicente Vérez da txertoa garatu duen taldearen burua, Txertoen Finlay Institutuan, La Habanan bertan, eta oso emaitza onak ditu oraingoz. Laister espero dute ekoizpen handia abiaraztea. Agindu dutenaren arabera, aurten 100 milioi dosi egingo dituzte (eta 11 milioi biztanle daude Kuban). 


Txertoa proteinetan oinarritutakoa da, eta konbinatzen ditu, batetik, birusaren espikula-proteina eta, bestetik, toxoide tetanikoaren proteina bat, garraiatzaile-lanak egiten duen beste proteina bat, alegia. Txertoa hiru dosietan emango zaio jendeari bi asteko epean, eta ez da Pfizer edo Moderna bezala tenperatura izugarri baxuetan gorde behar. Sekulako lorpena da. (Edo izango da, ez baitira proba klinikoak oraindik bukatu). 


Bestalde, esan behar da beste gauza asko ari dira probatzen COVIDaren kontra. Baina ez dute egoera erraza. PCRak egiteko makiltxoak ere, ia zerotik abiatuta egin behar dituzte. 


Turistak erakarri nahi dituzte, eta esan egin dute turistek ere han txertatzeko aukera izango luketela. Nolanahi ere, beharrak jota, sekulako lan zientifikoa ari dira egiten COVID-19aren kontra Kuban. 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia