}

Itsaspeko laguntza minbiziaren aurka

2001/02/27 Elhuyar Zientzia

"Itsaspeko laborategia" deitzen dioten farmazia erraldoi horretan ikerlariek etengabe dihardute sendagai berriren bila.

Estatu Batuetako Minbiziaren Institutu Nazionaleko kimikari batek dioenez, koralezko arrezifeak oso ekosistema konplexuak eta aberatsak dira, baita ikuspuntu kimikotik ere. Izan ere, esate baterako, bata bestearen ondoan dauden belakietan batzuetan banaketa-marra bat suma daiteke eta horrek beren eremua gordetzeko egiten duten gudu kimikoa adierazten du. Hain zuzen ere, substantzia horiek eta beste asko dira ikerketetan erabiltzen direnak.

Koralezko arrezifeak sendagai berri askoren iturri izan daitezke. Horietako bat landare-itxura duen Bugula meritina da. Horrek bryostatin-1 izeneko osagai bat ekoizten du eta, egindako saiakuntza klinikoen arabera, hainbat minbizi-motaren aurka (melanoma, linfoma eta nefroma, adibidez) eraginkorra dela dirudi. Beste bat Dolabella auricularia oskolik gabeko moluskua da. Horrek minbiziaren aurkako ikerketetan erabiltzen ari diren dolastatin 10 deitutako substantzia ematen du.

Azkeneko bi hamarkadetan ehunka osagai bildu dituzte urpean eta medikuntzan beren eraginkortasuna frogatu dute. Zalantzarik gabe, "itsaspeko farmazia" ia mugagabea dela kontuan izanda, etorkizunean beste gaixotasun askoren aurkako sendagaien berri izango dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia