}

Itsasoko uren jatorriaz

1987/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguratsa ukitzerakoan ur bilakatzen diren hamaika kometatxoz bonbardatua izaten da Lurra egunero. Iowa-ko unibertsitateko Louis Frank-en arabera, kometa hauek urtero itsas maila milimetro-laurehunena igotzen dute. Lurraren bizialdia kontutan hartzen badugu, ozeanoak betetzeko adina ur ekarri dute kometek.

Frank astronomo ospetsua da, eta esaterako, berak beste inork baino tresna gehiago izan du EEBBtan bidalitako bidaia espazialetan. Ideia harrigarria da dio Frank-ek baina harrigarriagoa zera da: zientifikoki behera botatzerik ez egotea.

Bere teoria egia baldin bada, Lurraren historiari eta eboluzioari buruzko ideiak erabat aldatu beharko dira. Ozeanoak pixkana-pixkana eratu direla esan nahi du horrek eta ez bapatean, askok uste duten bezala. Gainera, izoztutako kometa handi batzuen guneek eguratsarekin talka eginda iraun bazuten, karbonoa eta karbono-konposatuak sar zitzaketen Lurrera. Eta bizia?

Frank hainbat urtetan aritu da teoria berri hau hausnartzen, eta bere ustez kometen bila hasteko garaia heldu da. Oso argi-detektore sentikorrak dituzten teleskopio optikoak programatu beharko lirateke bilaketarako. Kometak elur-bolen modukoak lirateke eguratsera iritsitakoan.

Frank kritikatzen dutenen arabera, kometa horiek baleude dagoeneko detektatuak beharko luketela diote. Frank-ek ordea, inoiz bilatu ez direlako ez direla detektatu dio.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia