Ireki begia...klik!
2001/08/03 Elhuyar Zientzia
Identifikatzeko erabiltzen diren sistema biometrikoak pertsona bakoitzaren bereizgarriak diren elementu morfologiko jakin batzuetan oinarritzen dira. Esate baterako, irisaren edo hatz-aztarnen ezaugarriak azter daitezke.
Gehienok, orain arte, horrelako aurrerapenak pelikuletan bakarrik ikusteko aukera izan dugu. Urritik aurrea, ordea, nahikoa izango da Londresa hurbiltzea. Izan ere, Heathrow aireportuan bidaiariak irisaren bidez identifikatzeko sistema jarriko dute martxan.
Sistema horren urratsak nahiko sinpleak dira. Lehenengo, kamera baten bidez irisaren irudia jaso eta horren ezaugarri morfologikoak aztertzen dira. Gero, lortutako informazioa aldez aurretik jasotako datu-basearekin alderatu eta bidaiaria identifikatu egiten da. Azkenik, datu horiek aireportuko eta hegazkin-lineako ordenagailuetara bidaltzen dira.
Batek daki! Londresko programa pilotuak aurrera eginez gero, baliteke hemendik gutxira pasaportea erakutsi beharrean kamerari keinu bat egitea nahikoa izatea.