Elhuyar zientziaren komunikazioa

Iraungo ote du bisoi europarrak?

2003/07/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Beste hainbat arlotan bezala, iparramerikarrak europarrak gainditu nahian dabiltza. Kasu honetan, bisoi-kontuez ari gatzaizkizue. Izan ere, gaur egun gero eta bisoi europar gutxiago dago munduan eta bisoi amerikarrak etengabe ugaritzen jarraitzen du.

Iturria: Vison infos nº 1

Duela mende eta erdi, Europako lurralde askotan topa zitekeen bisoi europarra, eta nahiko ugari gainera. Geroztik, zergatik ez dakigula, gune horietatik desagertzen joan da.

Gaur egun, behinolako banaketaren gune gutxi batzuetan dirau bisoi europarrak. Suitzan, Alemanian, Finlandian, Polonian eta beste hainbat herritan erabat desagertu da. Europako ekialdean, Bielorrusia eta Baltikoko zenbait erregiotan zein Ukrainia eta Georgiako kostaldean eta Errumanian aurki daitezke oraindik ere bisoi-populazioak. Europa mendebaldean, ordea, Frantziako Landetan, Euskal Herrian, Errioxan eta Burgosen dago soilik.

Hego Euskal Herriari dagokionez, bisoi europarra Gipuzkoako Oria, Deba, Agauntza, Leitzaran eta Abaloz ibaietan ikusi ahal izan da; Bizkaian, Artibai, Oka, Ibaizabal, Nerbioi eta Plentzia ibaietan; Nafarroan, besteak beste, Ebro, Aragoi, Irati, Arga, Ultzama, Basaburua, Alhama eta Bidasoan; eta azkenik, Arabako Zadorra, Alegria, Inglares, Artziniega eta Ega ibaietan. Iparraldean orain ari dira datuak biltzen.

Hainbat eraso jasan du

Beheko mapan bisoi europarraren banaketaren eboluzioa (Gorria: banaketa historikoa; Laranja: gaur egungo banaketa). Goiko mapan, bisoi europarrak gaur egun Euskal Herrian duen gutxi gorabeherako banaketa. (Iturria: bisoi europarra (mustela lutreola, L.), mundutik desagertzeko arriskuan dagoen karniboroa goierrin).

Ikertzaileak bisoi europarra desagertzearen arrazoi denak ez badakizkite ere, zenbait aurkitu dituzte. Ur-ipurtatsaren gainbeheraren arrazoi nagusiak habitataren galera eta lurraldearen degradazioa dira; alegia, gizakiak tokia kendu edota kutsatu egin diolako desagertu da.

Izan ere, XX. mendean zehar, gune heze anitz estali eta poluitu ditu gizakiak. Hainbat ubideren kanalizazioa eta drainatzea aldatu izanak, maila freatikoa eraldatu izanak eta ibaiertzetako landaretza desagertzeak izan du ondoriorik animalia horren biziraupenean. Bestalde, bide, errepide eta eraikin berri anitz egin da, eta hori ere ur-ipurtatsaren kalterako izan da. Garai batean ehiztari eta tranpa-jartzaileen eskutik jasandako jazarpena ere kontuan hartzekoa da.

Baina beste faktore batek ere eragin du bisoi europarraren gainbeheran: bisoi amerikarraren etorrerak, hain zuzen.

Bisoi amerikarrarekin gudukan

Bisoi amerikarra duela 80 urte inguru ekarri zuten Europara bere larruak duen balioagatik eta Europako herri anitzetan haztegiak ireki zituzten. Baina, atzerritik ekarritako eta bertan sortutako hainbat bisoik haztegietatik ihes egin edo askatu egin dituzte eta ur-inguruneetara hurbiltzen joan dira azken urteotan.

Bisoi amerikarra europarraren oso antzekoa da, baina europarra baino handiagoa da, eta, txoko ekologiko bera ustiatzen duenez, bisoi europarraren bizilekuak bereganatzen ari da; ondorioz, haren ugalketa eragozten ere ari da.

Ikaragarri hedatzen ari den espezie kaltegarria denez, hura pozoitzeko hainbat kanpaina antolatu dituzte Frantzian. Baina kanpaina horiek arazo bat dute: arrisku handia dago nahi gabe bisoi europarrak ere hiltzeko.

Bisoia europarra eta amerikarra oso antzekoak dira. Lehenak bi ezpainetan du orban zuria eta bigarrenak behekoan bakarrik.
J. Gonzalez

Horrez gain, ikertzaileen ustez bisoi amerikarra Aleutiar Irletako gaixotasunaren birusa kutsatzen ari da. Bera gai da gaixotasun hori gainditzeko baina bisoi europarra, aldiz, ez. Noski, horrek ere badu ondoriorik bisoi europarraren desagerketan.

Bisoi europarra babesteko ikerketa

Gipuzkoako Goierri bailaran, Iñaki Irizar eta bere taldekideek bisoiak ikertu dituzte X. Gerriko Ikerlan bekari esker eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehenik eta behin, harrapaturiko bisoi bakoitzari diagnostikoa egiten diete beren osasun-egoera aztertzeko; analisi genetikoak ere egiten dizkiete. Ile bakan batzuk nahikoa izaten dira azterketa genetikoa egiteko. Besteak beste, espeziearen populazioaren egoerari buruzko informazioa biltzen dute.

Errepideetan hiltzen dira bisoiak (eta beste animalia asko). Irudian, bisoi amerikar bat auto batek harrapatuta. (Argazkia: Goikoa: I. Irizar, eta behekoa: J. Gonzalez).

Azterketa horiek egin ostean, animaliak mikrotxip bidez markatu eta beren ingurunera itzultzen dituzte. Irrati-transmisoreari esker, biologoek lau hilabetean zehar zaintzen dituzte bisoiak. Ezinbesteko datuak bildu eta hilabete horietan jasotako informazioari esker, bisoi europarra babesteko hartu beharreko neurriak zehazten dituzte.

Urdaibain ere bisoiak lurraldea nola erabiltzen duen ikertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Inazio Garin eta bere taldekideek. Horiek ere irrati-transmisoreez baliatu dira.

Duela urte batzuk antzeko ikerketa bat egin zuten biologo frantses batzuek Landetako bi ibaitan. Hamaika bisoi europar harrapatu zituzten eta azterketa berak egin zizkieten.

Harturiko neurriak

Europako Batasunako hainbat herrialdetan espezie hori berreskuratu eta babesteko bidean urratsak ematen ari dira azken urteotan. Gaztela-Leon, Errioxa eta Arabako foru aldundiek, adibidez, 2001 urteaz geroztik, Europako Batasuneko Life programaren diru-laguntzei esker, elkarrekin lanean dihardute bisoi europarra babesteko hiru proiektutan. Iparraldean eta Frantzian ere hainbat kanpaina antolatu dituzte espezie horrek bizirik iraun dezan.

Ikertzaileek, berriz, bisoi europarra eta bere populazioen bilakaera aztertzen segitzen dute. Bestalde, bisoi amerikarra ere ari da ikertzen zenbait talde; besteak beste, non bizi den, birusik kutsatzen ari ote den eta bisoi europarraren habitatak okupatzeak zein arrisku dakarren jakin nahi dute. Gizarteari ere laguntza eskatu diote egoera larrienean dagoen ugaztun hau babesteko.

Bisoi europarra (Mustela lutreola)

Goiko argazkia: J. Gonzalez, eta beheko argazkia: I. Irizar

Kolore marroi iluna duen mustelidoa. Orban zuri bana goiko eta beheko ezpainetan. 45-60 cm inguru da (buztana barne) eta gehienez kilo bat inguruko pisua du.

  • Biologia: araldia, urtarrila-otsaila. Kumeak udaberrian jaiotzen dira ( 10 g) eta irailean banatzen dira amarengandik.
  • Elikadura: haragijalea, batik bat igel eta ugaztun txikiak; baita arrain, txoritxo eta intsektuak ere.
  • Ohiturak: gautarra; jarduera gehien ilunabarrean. Eguna argitzerako babeslekura sartzen da (zuhaitzen erro, egur-puska edo adar artera). Ur-ingurune garbietan bizi da.

Ekoekintza?

Bisoiez ari garela, bada Teruelen jazotako gertakari bitxi bat; bitxi, edo negargarri esan beharko genuke. Izan ere, 2001eko uztailaren 31n, hainbat lagun La Puebla de Valverde herrian dagoen bisoi amerikarren haztegira joan eta kaiola guztiak ireki zituzten preso zeuden animaliak askatzeko.

Ekintza polita, itxura batean, baina tamalgarria ekologiaren ikuspuntutik. Bisoi amerikarra espezie aloktonoa da, kanpokoa. Guk dakigula, Teruelen ez dago bisoi europarrik, baina jakin ere badakigu azken hau berez hegoaldera hedatzen ari dela; orain, beste oztopo bat izango du bere bidean.

Gainera, bisoi europarra egon edo ez, edozein kanpoko espezie sartzeak oreka ekologikoa apurtu ohi du.

Espainiako talde ekologista askoren bilgune den ‘Ecologistas en Acción’ koordinadorak berehala azaldu zuen zerikusirik ez dutela ekintzarekin.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia