Usue Mori Carrascal Adimen artifizialeko ikertzailea

“Iraultza feminista bat ikusteak zientzian; horrek egingo lidake ilusio gehien”

2025/09/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta akademiatik harago ere lan handia egiten du, adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzeko. Hori izan da, hain zuzen, V. Gladys Sariaren irabazle izendatzeko arrazoi nagusietako bat. Elhuyar aldizkariaren galderei emandako erantzunetan ere argi utzi du bere jarrera.

iraultza-feminista-bat-ikustea-zientzian-horrek-eg
Usue Mori Carrascal, V. Gladys Sariaren irabazlea. Arg. PuntuEus

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Bi gauzak harritu naute gehien: bat ona da, eta bestea, txarra. Onera harritu naute ikasketa sakonak eta adimen artifizial sortzaileak. Azaldu zirenean, inguruko denok geratu ginen txundituta. Zientifikoki, izugarria iruditu zitzaidan; ia-ia magikoa. Pentsa, batzuek galdetu ere egin zuten ea orain zertan ikertu behar genuen. Izan ere, hain zen beste maila batekoa, ematen zuen dena lortu zutela. Orain, denbora pixka bat igaro da, eta ikusi dugu oraindik gauza pila bat daudela ikertzeko. Baina txundigarria izan da.

Alde txarrean, berriz, ebaluazio-sistemaren eta argitalpen-sistemaren gain-behera aipatuko nituzke. Orain pixka bat ari da aldatzen, baina egon dira urte pila bat argitalpenen kantitatea baloratu dela, kalitatea beharrean. Horren ondorioz, gauza batzuetan sistema usteldu egin da. Asko-asko argitaratzen da, baina kalitateari begiratu gabe, eta aldizkari pila bat daude erdi iruzur egiten dutenak. Hortaz, horretan lan egitea ez da oso atsegina.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Kostatu zait erantzuna erabakitzea, egia esan, baina uste dut ilusio gehien egingo lidakeena izango litzatekeela iraultza feminista bat ikustea zientzian. Bai presentzia aldetik, bai balore aldetik; uste dut horrek eraldatuko lukeela zientzia. Bai, gustatuko litzaidake emakume gehiago ikustea arlo zientifikoan eta, batez ere, teknikoetan, horietan baitute leku gutxien emakumeek. Eta hierarkiako maila guztietan, ikasketetatik hasita, goi postuetaraino.

Eta baloreen aldetik ere, iruditzen zait iraultza feministak ekarriko lukeela, ez bakarrik zientzia egiteko modu hobeago bat, hori ziur. Baina, gainera, zientzia bera ere uste dut hobea izango litzatekeela, eta aterako diren emaitza zientifikoak ere hobeak izango direla. Badaude ikerketak frogatzen dutenak lantalde dibertsoek emaitza hobeak dituztela. Adibidez, adimen artifizialaren alborapenak eragozteko modu bat hori da. Izan ere, askotan, hain barneratuta ditugu alborapenak, ohartu ere ez gara egiten. Lantaldean askotariko jendea badago, agian beste bat konturatuko da. Hori bai, norbere alborapenak onartzeko prest egon behar dugu. Baina sekulako iraultza izango litzateke.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia