}

Internet euskaldunagoa

2000/05/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurtengo martxoan Internet pixka bat euskaldunago bihurtu zaigula esan dezakegu. Edo behintzat euskal edukiz beteago dagoela. Bi aurkezpen izan ziren hil horretan: batetik Eusko Jaurlaritzak bultzatako Euskararen Web-gunea, eta bestetik Euskaldunon Egunkariak on-line jarritako hemeroteka-zerbitzua. Biak ere, garrantzitsuak.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen Euskararen web-gunean (www.euskadi.net/euskara) euskararekin zuzeneko harremana duten informazio eta tresna ugari aurki daitezke. Beren esanetan "etengabe berritu, osatu eta eguneratu beharreko web-gunea" da hau, web-gune bizia beraz. Lau hizkuntzatan kontsulta daitekeen web-gune honetan, testu-formatuko edukiez gain, euskararekin zuzeneko zerikusia duten aplikazio bereziak aurki daitezke. Esate baterako, EAEn izandako bilakaera soziolinguistikoa kontsulta daiteke datu-base batean, informazioa grafikoki ere jaso dezakegularik. EAEko toponimia-datutegia ere aurki daiteke bertan, baita euskararen alde era batera edo bestera lan egiten duten azpiegituren datu-basea ere. Liburu, bideo eta CD-ROMei buruzko informazioa ere badago bertan, eta euskara lantzeko hainbat tresna: lehendik gune horretan zegoen Elhuyar hiztegiaz gain, 3000 hiztegia eta sinonimoen hiztegia ere aurki daitezke orain, baita EuskalTerm-erako lotura ere.

Egunkariaren hemeroteka

Euskaldunon Egunkariak on-line jarritako zerbitzua ere ez da makala. Beraien web-gunean jarritako bilatzailearen bidez (www.egunkaria.com/hemeroteka) 1999an argitaratutako artikulu guztietan agertzen den edozein hitzen araberako bilaketak egin ditzakegu. Bilaketak gehiago murrizteko aukera ere eskaintzen du, eta hilabete, sail eta baita orrialde-zenbakiaren arabera ere murritz ditzakegu bilaketak. Zerbitzu eraginkorra eta benetan azkarra da, emaitzak testu-formatuan emateaz gain maketa argitaratu zen bezala ikusteko aukera ere ematen digularik. Iaz Eusko Jaurlaritzak euskal prentsa on-line jartzeko egindako ahaleginaren zuzeneko ondorioa izan da hau. Lehen pausoan Argia eta Egunkaria aurki ditzakegu on-line, eta laster batean gainerako euskal aldizkariak izango ditugu zuzenean Internet-en kontsultagai.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia