}

INTERNET-eraino ailegatu gara

1995/08/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenadorez Lagunduriko Irakaskuntza (OLI) orain dela hamar urte genuen ametsa zen. Ordenadoreek eta programek eskaintzen zituzten posibilitateen arabera baikorregiak izan ginela iruditzen zait. Muga teknologikoekin batera erresistentzia pertsonalak zeudenez, ia ezinezkoa izan zen garaiko helburuak betetzea. Dena den, itzulerarik gabeko urrats bat eman zela iruditzen zait, hots, gizartea informatikaren bidean abiatzearena, alegia.

Une honetan, ikastetxe eta enpresa gehienak ordenadoreak dituzte eta bai irakaskuntza baita produkzioa ere ezin dira ulertu ordenadorearen laguntzarik gabe.

Hamarkada honen hasierarekin batera bi urrats berri erantsi zaizkio informatizazioaren prozesuari; batetik, multimediarena eta bestetik CD-ROMarena. Osagarri diren bi kontzeptu horiek erabilera-esparru berriak zabaldu dituzte, ez bakarrik irakaskuntzan eta enpresetan, baita gaudeneko gizartean nagusi bilakatzen ari den zerbitzu-sektorean (kultura, aisia,...) ere.

CD-ROM euskarrian banatutako produktuek hazkunde esponentziala izango dute mende-amaiera bitartean; aipatu euskarrian jokoak, entziklopediak, filmeak, etab. eskuragarri izango ditugu.

Baina, ez zait iruditzen CD-ROMaren bidea egonkorra izango denik. Nire ustez, egonkortasuna telematikaren eskutik etorriko zaigu; beraz, CD-ROM-a, aro telematikoa ezarri bitartean, tarteko denbora eta beharrak beteko dituen bitartekaria da.

Telematika eta gizartea uztartu arte urrats dexente eman behar dira oraindik, hala nola, software- zein hardware-azpiegitura egokiagoak, egun dauden baino zerbitzu ugariagoak eta erabilterrazagoak, prezio merkeagoak eta mentalitate-aldaketa behar izango baitira.

Ildo horretan, INTERNET telematika gizarteratzeko eman den lehen urrats atzeraezina izan da. Ohiko zerbitzu telematikoekin batera, hots, posta elektronikoa, fitxategien transmisioa, datu-bankuetako kontsultak, etab. beste zenbait baliabide eskaintzen ditu. Niretzat garrantzitsuenak, batetik zerbitzari eta bezero izateko aukera eta bestetik, INTERNETen zerbitzuetan erraz nabigatzeko dauden tresnak (WWW adibidez) dira. Sare telematikoen ezarpenak CD-ROMarenak baino askoz ere bide errazagoa izango du, CD ROMarentzat lortutako azpiegitura informatikoa guztiz probetxagarri izango baita, hau da, ordenadoreek izango dituzten hardware-espezifikazioak nahikoak izango baitira sareko informazioa kudeatzeko.

Komunikazio-azpiegiturei dagokienez, Euskal Komunitate Autonomoa inor baino hobeto kokatuta dago Europa-mailan, lau urtetik hona osatu den zuntz optikozko sareari esker.

Teknologiaz hitz egiten dugunean, gehienoi makina berriak, robotak edo material berriak etortzen zaizkigu burura. Zutabe honetan aldiz, informazioaren teknologiaz aritu gara. OLIrako softwarea garatzen genuenean ez genuen pentsatu ere egiten informazioa bizkor eta era egokian atzitzeak etorkizunean izango zuen garrantziaz; ez bakarrik, produkzio-prozesuetan, baita hezkuntzan eta aisian ere.

Nahi den informazioa, nahi denean eta era merkean kontsultatzeko aukera eskainiko duen bitartekoa egun ez dago indarrean, baina jakin badakigu zein izango den, telematika alegia eta euskaldunok ez gaude gaizki kokatuta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia