}

Informatika saila etorkizunari begira

1997/11/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pili Lizaso.

Azken urte hauetan urratutako bideari jarraitzea, hau da, geroz eta material osatuago eta erakargarriagoak eginez multimedia produktuak garatzen jarraitzea da etorkizun hurbilerako Elhuyarrek duen asmoetako bat informatika-sailean; CD-ROM euskarrian nahiz horren ondorengo izango den DVDn. Produktu hauek orokorrak izango dira edukiaren aldetik (bertan sortuak batzuetan eta arlo honetan esperientzia duten atzerriko etxeen lanak egokituz osatuak besteak) eta, nahiz eta irakaskuntzan material osagarri gisa erabiltzeko aproposak izan, erabiltzaile-multzo zabalago baten beharrei erantzutera zuzenduko dira; ez arrazoi ekonomikoengatik soilik, baizik eta errentagarritasun sozialagatik, batik bat. Produktu hauek ahalik eta jende gehienera iristea baita Elhuyarren nahia.

Bestalde, eta beti ere multimediaren barruan interes handiko deritzogu euskal enpresei beren aurkezpenak nahiz ekoizten dituzten produktuen katalogoak teknologia berri hauen bidez eskaintzeko aukera zabaltzeari eta, beraz, iharduera berri honi ere helduko diogu. Aldi berean, ezin ahaztu gaur egun hain hedatuta dagoen Internet sarea eta, Elhuyarrek sare honetan zer eskainia baduela uste dugunez, horixe da epe ertainerako dugun beste erronka garrantzitsua: gure datu-baseak zein aldizkaria sarearen bidez kontsultatzeko aukera ematea. Hauek dira dagoeneko buruan jira eta bira ditugunak, baina ez dugu ahaztu behar informatikak daraman abiadura geroz eta handiagoa dela eta gertatzen diren berrikuntzei heldu egin behar zaiela berandu izan aurretik. Ez dugu erronka makala, alajaina!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia