Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ilunpeko bizimodua itsas hondoan

2001/04/18 Elhuyar Zientzia

Indiako Ozeanoaren hondoan eguzkiaren argia behar ez duten organismo txikiak bizi dira. Plaka tektonikoen arteko mugan dauden itsaspeko geyserretatik ateratzen dute beharrezko energia. NASAk antolatutako espedizio bateko kideak organismo bitxi horiek ikertzen ari dira.

Proiektuari Knorr espedizio deritzo. 60 zientzialarik osatutako talde estatubatuar batek izen bera duen ontzitik kontrolatzen dute ikerketa. Bere lan-tresna garrantzitsuena JASON robotaren lanak egin ditzakeen itsaspekoa da. Itsaspeko horrek laginak jasotzeko prestatutako besoa du. Ontzitik telegidatuta, itsaspekoa 2.000 metroko sakonerara jaisten da plaka tektonikoen arteko mugak behatzeko.

Plaken arteko mugan sumendi eta geyser asko dago, magma-eran lurpetik materia asko kanporatzen dutenak. Plakak etengabe mugitzen ari dira, bata bestetik urruntzen, hain zuzen. 2.000 metroko sakoneran ez dago argirik, baina itsaspekoaren fokuen argiaz, zizareak, molusku txikiak, bakterioak eta abar bizi direla ikusi dute zientzialariek. Baina behaketa hori ez da berria.

Lehenengo aldiz 1977an aurkitutako izakiak dira. Ordura arte, zientzialariek ez zuten eguzkiaren argirik gabe bizi ziren organismorik ezagutzen. Orain, bizimodu hori hondoko iturri termaletan oinarrituta dagoela jakina da. Zientzialariek bi motako geyserrak aurkitu dituzte, hots, materia zuria batek eta beltza besteak kanporatzen dutenak.

Geyser beltzetan kanporatzen denaren konposizioan metal astunak ugariak dira. Besteetan, noski, konposizio ezberdineko materia kanporatzen da, baina mota bietan osagai jakin batzuk beti izaten dira. Horrela hidrogeno sulfurotik eta beste molekula batzuetatik energia ateratzen duten izakiz osatutako ekosistemak sortzen dira.

Oso ekosistema interesgarriak dira biologiaren esparrurako, bizia izan dezaketen inguruen muturreko baldintzei ikuspuntu berria ekar dezaketelako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia