}

Ilun, isil, heze... dagoen munduan barna

2002/12/15 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Batek daki... akaso garai hartan Julio Verne-k idatzi berri zuen bidaia zoragarriak eraginda abiatu zen Edouard Alfred Martel Lurraren barrualdea miatzera. Zeharo ez-ohikoa den inguruan, oso urrutiko mundu batean murgiltzen ari dela senti dezake bertara joaten denak. Agian, itsas hondoan nahiz beste planeta bateko gainazalean egonda sentituko lukeenaren pareko zerbait... Barnera gaitezen, bada, espeleologoen mundu zoragarrian, eta jakin dezagun, bide batez, zer esaten digun lur-barnak.
Sarrera bertikala duten leizeak dira nagusi Euskal Herrian.

Haitzulo, harpe edo leize-zulo batean barrena abiatu orduko, kaskoa, arnesak, eskalatzeko materiala, sokak, eta karburo-lanpara bildu behar ditu, besteak beste, espeleologoak. Izan ere, mundu zeharo ez-ohiko batean sartuko da. Usaina desberdina da: lizuna eta hezetasuna sumatzen dira. Entzun ere, ez da ohiko moduan entzuten; era bitxian moteltzen dira hotsak, eta Lurraren gainazaletik urrun geratzen diren barrunbeetan islatu egiten da soinua. Batez ere, isiltasuna eta argirik eza dira nagusi. Denboraren eta espazioaren erreferentziak galdu egiten dira. Irteeratik oso urrun egotearen ziurtasuna erabatekoa da. Horrek ere psikologikoki eragiten du. Baina, beste ezeren gainetik, pribilegioa da. Oso jende gutxik du toki horiek miatzeko aukera; goza dezagun, beraz, txangoaz!

Lur azpiko bideak

Haitzulo horizontalak, leize bertikal sakonak, barrunbe zabalak eta sistema labirintikoak: horiek guztiek eta gehiagok osatzen dituzte lurpeko pasabideak. Eta haitzuloak sortzeko mekanismoarekin badute zerikusirik egitura horiek.

Haitzuloak sortzeko modu asko daude, baina, denetan arruntena, formazio karstikoak sorrarazten dituena da. Lur karstikoetan harriak buztin lehorraren itxura du eta zartatu eta zuloz beteriko lurra da, iragazkorra. Bertan eroritako urak ez du nora husturik eta lur azpira jotzen du zuzenean. Kareharria disolbatu egiten du urak, eta, milaka urte irauten duen prozesu baten buruan, lur azpitik doazen urek pasabide-sare bat sortzen dute.

Espeleologia, zientziaren mesedetan

Kobazuloetako animaliarik ezagunenak, akaso, saguzarrak dira. Haitzuloetako iluntasunean ohikoa da depigmentazioa.
Argazkiak: J. Aihartza

Lur azpiko munduaren ikerketa da espeleologia; koba esan nahi duen spelaion hitz grekotik eratorritako hitza da, hain zuzen ere. Edouard Alfred Martel espeleologo frantziarra jotzen dute gaur egungo espeleologiaren aitatzat, Martel izan baitzen kobazuloak helburu zientifikoekin aztertu zituen lehena.

Hiru ikerketa-lerro ditu espeleologiak: geoespeleologia, bioespeleologia eta antropoespeleologia. Geoespeleologiak lur-azpiaren egitura geologikoa aztertzen du: estalaktitak, estalagmitak eta kareharrizko kobazuloetan dauden egitura kristalinoak, besteak beste. Bioespeleologiak lur azpiko bizia aztertzen du; izan ere, hain dira bereziak izaki bizidun horiek jasan behar dituzten kondizioak, ezen oso animalia bitxiak baitaude haitzuloetan. Eta, azkenik, antropoespeleologiak kobazuloetan dauden aztarnak aztertu, eta gizakiaren antzinatea hobeto ulertzeko bide ematen du.

Euskal Herriko kobazuloak

Euskal Herria leku ederra da espeleologoentzat, leizez josita baitaude gure inguruak. Baina sarrera bertikala duten leizeak dira nagusi. Horregatik, altzairuzko kablezko zurubia edo eskala erabiltzen hasi zenean bultzada itzela jaso zuen bertoko espeleologiak.

Gipuzkoako leizeetan egin ziren lehen miaketa espeleologikoak Euskal Herrian. Izan ere, 1871-1930 bitartean historiaurrea ikertzeko hainbat prospekzio eta indusketa egin zituzten Aizkirri, Aitzbitarte, Urteaga eta beste zenbait haitzulotan (S. Umerez, C. Lersundi, T. Aranzadi, E. Eguren, J.M. Barandiaran). Era berean, 1905-1929 bitartean, E. Racovitza-k eta R. Jeannel-ek, bioespeleologian aitzindariak, Gipuzkoako zenbait kobazulotako fauna aztertu zuten.

Nafarroa eta Zuberoa artean, Larrako mendigunean, gaur egun arte ezagutzen diren munduko leize-zulo eta harpe garrantzitsuenetakoak daude. Leize sakonenen artean, Budogiako leizea (Bu-56, –1.408 m) edo P. S. Martin leizea (–1.342 m) daude. Harpe luzeenen artean, berriz, aipatutako P. S. Martin leizea (52,7 km) dago. Bizkaia aldean, Caballos-Valle sistemak 60 km luze ditu, eta Araban, SI-44 leizeak 42 km. Gipuzkoan 1.700 kobazulo inguru ikertu dira dagoeneko. Horien artean, sakonenak Aralarren dagoen Ormazarreta 2 (-576 m) eta Aitzgorri inguruan dagoen Gazteluko urzuloa (–522 m) dira.

Haitzulotar fauna

Lur karstikoetan leize mugagabeak daude, eta paregabeko barrunbeak eskaintzen dizkiete espeleologoei.
L. Astorkia

Harpetar mundua eremu minerala da nagusiki, baina bada izaki bizidunik ere, eta horien artean, animaliak dira gehienak. Haitzuloetako landareak eta animaliak artista surrealista baten burutazioak direla pentsatuko luke lehenengoz ikusten dituenak: saguzarrak, begi erraldoiak eta barneko organoak ikusgai dituzten anfibio albinoak, zizare zeharrargitsu eta luminiszenteak, zuhaitzen sustrai iletsuak, onddoak... argitasun-ezak baldintzatu duen mundua. Haitzuloetan, bost milatik gora animalia desberdinen bizi dira.

Antropoespeleologia

Antzinatik erabili izan ditu gizakiak haitzuloak: hotzetik, euritik zein animalietatik babesteko. Hortaz, aztarna asko bildu dira haitzuloetan, eta horiek guztiak jasota eta aztertuta eraikitzen dituzte beren teoriak antropologoek, paleontologoek eta arkeologoek.

Udalaitz mendigunean kokatutako Lezetxiki kobazuloan, esaterako, Euskal Herriko historiaurrearen garairik zaharrenetakoari dagokion aztarnategia dago. Izarraitz mendiguneko Ekain kobazuloan, berriz, Madeleine aldiko margoak aurkitu dira: zaldien, bisonteen eta hartzen irudi ikusgarriak daude bertan. Baina adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek.

Badu zer esatekorik, beraz, lur-barnak, ezta?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia