Ilargian jaso dute Lurreko arrokarik zaharrena izan daitekeena
2019/01/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Apollo 14ko astronautek 1971n Ilargian hartutako laginen artean, jatorriz Lurrekoa den arroka bat aurkitu dute. 4.011 milioi urte baino gehiago ditu, eta, dirudienez, talka baten ondorioz askatu zen Lurretik eta iritsi zen Ilargira.
Earth and Planetary Science Letters aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Haren arabera, aurkikuntza aparta da, Lurrean ez baitago garai hartako arrokarik. Zaharrenak Australian daude eta 4.400 milioi urte dituzte, baina mineral batzuk dira, jatorrizko arrokak deseginda daude.
Ilargian jasotako horri Big Bertha deitu diote (izen ofiziala: 14321), 9 kg ditu ia, eta haren konposizioak bat egiten du Lurrak garai hartan zituen kondizioekin. Adibidez, lurrazalaren pean 19 km-ko sakoneran sortzen diren klastoak dira bere osagai nagusia. Zirkoiak ere baditu, eta haiek ere erakusten dute Lurreko kondizioetan sortu zela arroka, ez Ilargian.
Hurrengo misioetan jasoko dituzten laginak zalantzak argitzeko baliagarriak izango direla adierazi dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia