Elkarrizketa

Nazareth Torres Molina

«Ikusten dute beti egon direla zientzia egin duten emakumeak»

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dira emakume zientzialariei aitortza egiteko eta parekidetasunerantz pausoak emateko. Helburu hori du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut” antzezlanak ere. Nazareth Torres Molina da protagonistetako bat.

Egunerokoan, baina, ikerketan murgilduta aritzen da Torres; oholtzatik eta aktore-lanetik nahiko urrun, beraz. Izatez, bide zuzena egin du ikerketa-mundura, nahiz eta, aitortu duenez, hasieran ez zuen oso garbi: “Batxilergoko bigarren ikasturtean pixka bat galduta nengoen, eta ikaskide batekin batera sartu nintzen Biologia ikastera Nafarroako Unibertsitatean”.

Hirugarren ikasturtean, Biokimikara igaro zen: “Prozesuak ulertu nahi nituen; nola gertatzen diren erreakzio kimikoak organismoetan. Eta tesia egitea erabaki nuen. Horretarako, ikerketa-master bat egin nuen, eta gero hasi nintzen doktoretza egiten, Biologia eta Inguruneko Zientzien alorrean”, azaldu du.

Atzera begira, oso garai “polita” izan zela iruditzen zaio: “Azken finean, denbora guztia duzu gauza zehatz bat ikasteko. Gero ikusten duzu askoz ere konplexuagoa dela dena, baina, une horretan, guztiz kontzentratuta zaude zure ikergaian, eta hori ederra da. Egia da presioa duzula, baina taldekideek ondo babesten nindutela sentitzen nuen”.

«Prozesuak ulertu nahi nituen; nola gertatzen diren erreakzio kimikoak organismoetan»

Tesian, onddo mikorrizikoen eta mahastien arteko harremana ikertu zuen, eta, orain ere, mahastien inguruan dabil ikertzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Ramon y Cajal kontratu bati esker. Horrela esplikatu du zertan dabilen: “Lurzoruaren egoera ikertzen dut, eta, horren barruan, landatzeko teknika jasangarriagoak, adibidez, mahastien egoera hobetzeko. Horrez gain, onddo mikorrizikoak ere ikertzen ditugu, baina benetako mahastietan, ez bakarrik loreontziko esperimentuetan”.

Hedy Lamarren soinean

Normalean horretan aritzen bada ere, egun hauetan, aurreko mendeko soinekoa eta kapela jantzita ere badabil, Hedy Lamarr gorpuzten baitu, “Emakumea naiz eta zientzialaria izan nahi dut” antzezlanean.

Horri buruzko azalpenak ematean, ilusioa nabari zaio ahotsean: “Lehen hezkuntzako haurrei zuzendutako emanaldia da, eta historian nabarmendu diren emakume zientzialari batzuen biografia antzezten dugu, kronologikoki. Horrela, ikusten dute beti egon direla zientzia egin duten emakumeak, eta arlo guztietakoak. Eta, gainera, gero guk zertan ikertzen dugun azaltzen diegu, gertuko adibideak ere ezagutu ditzaten”.

«ikerketan ezinbestekoa da zientzien arteko harremana»

Publikoaren adinaren garrantzia azpimarratu du: “Izan ere, ikerketek erakusten dute 6 urteren inguruan hasten direla neskak pentsatzen zientzia-mundua ez dela egokia beraientzat”.

Antzezlanerako pertsonaia aukeratzean, Hedy Lamarr hautatu zuen: “Oso erakargarria iruditzen zait. Zinema-izarra alde batetik, eta, bestetik, wifiaren eta GPSaren teknologien aitzindaria izan baitzen, eta filmetako biografia izan zuen”.

Interesgarria iruditzen zaio, gainera, antzezlanean, beren arlokoak ez diren zientzialariak gorpuztea. “Azken finean, ikerketan ezinbestekoa da zientzien arteko harremana”.

Ez du ezkutatzen oso gustuko duela unibertsitatetik atera, eta haurrekin aritzea. “Otsailaren 11n Baztanera goaz”, aurreratu du. Hara joango dira biak: Nazareth Torres Molina eta Hedy Lamarr.


Nahiz eta Agoitzen hazi eta bizi, Iruñean jaio zen, 1990an. Biokimikan lizentziatu zen, eta, jarraian, Ikerketa Biomedikoko masterra egin zuen. Ondoren, tesia egin zuen Nafarroako Unibertsitatean, Biologia eta Ingurumen arloan. Hiru hilabeteko ikerketa-egonaldia ere egin zuen ISVV-n (Bordeleko Unibertsitatea, Frantzia), eta Cum Laude doktoretza lortu zuen, Nazioarteko Aipamenarekin. Harrezkero, mahastizaintzaren eta mahatsondoen agronomiaren ikerketan aritu da California Davis Unibertsitatean (AEB), eta, orain, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hainbat sari lortu ditu.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Nazaretz Torres Molina. Arg: Xabier Viana Ramirez

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali