}

International Tube Association-ek saria eman dio Jon Etxeberria Uranga CEITeko ikertzaileari

2002/04/04 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

International Tube Association elkarteak azken bi urteetan egin dituen biltzarretan aurkeztu den artikulu tekniko onenaren saria banatu du. Saria Jon Etxeberria Uranga CEITeko ikertzaileari eman diote aho batez, berak aurkeztutako " Desarrollo y Aplicación de Tubos Bimetálicos en Ambientes Corrosivos a Elevadas Temperaturas " lanarengatik.

Espero zenuten sari hau jasotzea?

- Egia esan biltzar batean lan bat aurkezten duzunean ez duzu inondik inora pentsatzen sari bat jasoko duzunik; gainera, hainbat biltzarretan sari horiek ez dira existitu ere egiten. Bilboko biltzarrean artikulua aurkeztu eta inskripzioa egin genuenean, atal batean sarirako izen-ematea egin nahi zen edo ez galdetzen zen. Ia pentsatu gabe baiezkoa jarri genuen, eta orain dela hilabete esan digute iazko urrian aurkeztu genuen lana izan dela irabazlea. Izugarrizko sorpresa izan da benetan; gainera, erakundeak antolatzen dituen biltzarretariko batzuk urtetik urtera errepikatzen dira, besteak sei hilean behin eta guk aurkeztu genuen lana bi urtetik behin egiten den biltzar baterako izan zen. Lana aurkeztu genuenean ez genekien biltzarraren maiztasunaren berri eta bi urtetik behin egiten zela jakitean are gehiago poztu ginen.

International Tube Associattion erakundeak zer garrantzi du tutuen munduan?

- Guk erakundearen berri tutuak egiten dituen enpresa baten eskutik jakin genuen, Tubacex-en eskutik hain zuzen. Horiek aipatu ziguten erakunde horrek Bilbon biltzar bat antolatu behar zuela 2001eko urrian eta haiekin egindako lana aurkeztera animatu gintuzten. Ondoren, erakundearen inguruko informazioa biltzeaz arduratu nintzen eta International Tube Association mundu mailako tutu-fabrikatzaile nagusiak biltzen dituen erakundea dela ikusi nuen.

Zuek aurkeztutako proiektu hura noiz hasi zen eta zein helbururekin?

- Proiektua 1997. urtean hasi genuen Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin, eta proiektu koordinatua izan zela aipatu behar da; hau da, enpresa eta zentro teknologikoen artean egin zen. Proiektuan Tubacex tutu-fabrikatzailea, Babcock Wilcox ondasun-fabrikatzailea eta Iberdrola tutuak instalatuko ziren zentral termikoen jabea zeuden.

Tubacex-ek aurretik burutuak zituen hainbat ikerketa tutu bimetalikoen inguruan baina aparteko jarraipenik egin gabe. Ondoren, produktu berriak ateratzeko asmoz, berriz tutu bimetaliko horien inguruko ikerketa bultzatu nahi izan zuten eta horrela hasi zen proiektua. Tutu bimetalikoekin bi materialek izan ditzaketen propietateak bateratzea lortu nahi zen; hau da, altzairu batek eman dezaken erresistentzia mekaniko altua aprobetxatu, altzairu herdoilgaitzak dituen korrosioaren aurkako propietateekin. Horrela, bi metalen propietateak bateratzen dira tutu bakar batean.

Zein izan ziren ikerketan emandako pauso garrantzitsuenak?

- Ikerketak bi material horiek batera estruitu ote zitezkeen eta fabrikazioaren bideragarritasuna aztertu behar zuen. Ondoren, laborategiko saiakuntzetan fabrikazioa optimizatzeko parametroak neurtu ziren eta tratamendu termikoen bidez propietateak hobe zitezkeela ikusi zen.

Laborategian ezarritako parametroen arabera Tubacex-en tutuak fabrikatu eta ondoren Babcock Wilcox-en instalazio batean jarri ziren. Bertan, tutuen tolestura-saiakuntzak egin ziren, tutu bimetalikoak beste tutu monolitikoekin (material bakarrekoak) soldatu ziren eta abar. Horrela, instalazio batean tutu zaharren ordez berriak jartzeko prozesuan eman beharreko pauso guztiak aztertu ziren.

Prozesua amaitu ondoren, berriz ere, laborategian tutuen propietateak neurtu ziren aldakuntzarik egon ote zen edo ez ikusteko eta, ez zela horrelakorik gertatu ikusi zen. Azkenik, tutu kurbatu eta soldatu horiek Iberdrolako instalazio batera eraman ziren; bertan 10.000 ordu baino gehiago daramatzate funtzionatzen.

Zein da tutu bimetalikoetan bilatzen dituzuen ezaugarriak?

- Normalean altzairuez hitz egiten ari gara eta erabiliko diren ohiko aplikazioen arabera, erresistentzia mekaniko handia eta korrosioaren aurkako erresistentzia beharrezkoak dira. Erresistentzia mekaniko handia izateak esfortzuen aurrean ez puskatzeko gaitasuna ematen dio tutuari, nahiz eta materiala tenperatura altuan egon. Gainera, lan egin behar duten inguruari begira, korrosioari aurre egitea ezinbesteko propietatea da. Zuk altzairu herdoilgaitzezko tutuak egin ditzakezu korrosioari aurre egiteko, baina, normalean, erresistentzia mekanikoaren aldetik ahulak izaten dira. Gainera, altzairu herdoilgaitza garestia izaten da. Alabaina, tutuen barnealdea altzairu merkeago baina erresistenteago batez eginez gero eta, ondoren, kanpotik altzairu herdoilgaitzezko geruza jarrita, bi propietateak bateratzea lortzen da eta, gainera, prezio lehiakorrean.

Zentral termikoen kasuan, esaterako, tutuek ur-lurruna eraman behar dute, eta ur-lurrun hori kanpotik berotzen da. Berotasun hori transmititzeko tutuek eroankortasun termiko ona izan behar dute gainera eta, altzairu herdoilgaitzaren kasuan, eroankortasun hori txikia izaten da. Beraz, nukleoa altzairu normalago batez eginda, eroankortasuna handitu eta bero-transferentzia egokiagoa lortzen da ur-lurrunarentzat.

Tutuei dagokionez zein ezaugarri fisikoko tutuekin lan egin duzue? Aldatzen dira tutu bimetalikoen propietateak tamaina, lodiera, barne-zabalera, etab. arabera?

- Guk egindako tutuak altzairuzko tutu arrunten tamainakoak ziren. Diametro bera zuten, baina tutuaren pareten lodiera zen aldatzen zena. Lodiera hori normalean 6 mm-koa izaten da eta guk lodiera hori emateko bi material erabili genituen: 4,5 mm altzairu arrunta eta 1,5 mm altzairu herdoilgaitza. Askotan, hala ere, nahi duzun ezaugarrien arabera lodiera horiekin joka dezakezu, batetik edo bestetik geruza lodiagoa eginaz. Guk erabilitako altzairu herdoilgaitzezko 1,5 mm-ko geruza, behar baino lodiagoa zen, baina segurtasuna bilatu nahi izan zen korrosioaren aurrean.

Zeinentzat dira baliagarriak ikerketa honen emaitzak, zein industria sektorerentzat?

- Hiru aplikazio ditu proiektu honek: zentral termikoak, zakarrak errausteko instalazioak eta harrikatza gasifikatzeko instalazioak. Hiruretan tutuen konposizio ezberdina erabili zen beharrezko ziren ezaugarriei begira. Adibidez, zakarrak errausteko instalazioan inguruak eragindako korrosioa handiagoa zen besteetan baino eta kalitate handiagoko altzairu herdoilgaitza erabili zen.

Badira beste aplikazio batzuek ere, petrolioa ustiatzeko erabilitako tutu bimetalikoak esaterako, baina kasu horietan altzairu herdoilgaitza barruan jartzen da eta altzairu arrunta kanpoan. Petrolioaren kasuan korrosio-arriskua barnetik pasatzen den materialak ematen baitu eta ez kanpokoak.

Zein da tutu bimetaliko batek izan dezakeen desabantaila nagusia? Edo denak abantailak dira?

- Desabantaila nagusia prezioa izan daiteke, zeren tutu bimetalikoen fabrikazio-prozesua zerbait konplexuagoa da. Prozesua, estrusioa bera, oso antzekoa da tutu arrunt bat egin edo tutu bimetalikoa egiteko garaian, baina barneko geruzaren eta kanpokoaren arteko mihiztaketa zailagoa da eta arazoak egon daitezke, besteak beste, barneko materiala zulatzean kanpoko geruza askatu baitaiteke. Hala ere, prezioa da arazo nagusia material monolitikoekin egindako tutuekin konparatuz eta, horregatik, aplikazio espezializatuagoak bilatu behar dira tutu bimetaliko horientzat.

Zein izan da zuek eskaini duzuen berrikuntza nagusia?

- Berrikuntza nagusia tutu bimetalikoen funtzionamendu erreala aztertzeko pausoan egon da. Lehendik bazeuden Tubacex-en egindako hainbat saiakuntza, baita laborategiko parametrizazioak ere, baina aurreko ikerketek ez zekiten tutuen prozesamendua nolakoa izan behar zuen, ezta lanean izango zuten jokaera zein izango zen ere. Guk egindako lanak, horiek guztiak aztertzeaz gain, aurretik aztertu gabeko konposizio bimetalikoak ikertu ditu. Gainera, guk altzairu herdoilgaitza kanpoan jar daitekeela frogatu dugu.

Beste zein teknika daude tutu bimetaliko horiek fabrikatzeko?

- Bi bide daude: bata koestrusioa eta, bestea, gainestaldurak aplikatzea, spray edo proiekzioen bidez. Azken teknika horiek zailtasun nabarmenak dituzte; luzera handiko tutuekin lan egin behar baita, kanpoko geruzak lodiera jakina izan behar baitu eta ez baita bi geruzen arteko lotura kimikorik gertatzen. Horrek gaineko geruza altxaraz dezake eta erortzera ere irits daiteke. Koestrusioan, ordea, lotura kimikoa, hau da, metalurgikoa, gertatzen da bi metalen artean eta, beraz, material bakarra balitz bezala funtzionatzen du.

Espero duzue, beraz, tutu bimetaliko horiek etorkizunean merkatuan zabaltzea?

- Bueno, tutuen fidagarritasuna aspaldi frogatu zen, baina badirudi ez dagoela oso argi tutu bimetaliko horientzat merkaturik ba ote dagoen ala ez. Tubacex-ek patentea, etab. dituenez, haiei galdetu genien fabrikatzen hasteko asmorik ba ote zuten, baina, merkatua eta eskaria ziurra ez dela ikusita, ez dute oraindik horretarako biderik ireki.

Oraindik orain egin diren bakarrak Iberdrolako bi zentralen instalazioetan daude, eta horiek aldizka berrikusi egiten dira. Azterketa horiek guztia ezin hobe doala erakusten dute; beraz, espero dugu etorkizunean tutu horiek erabiltzen hasiko direla.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia