}

Igeldoko arrano-etxea, hegaztientzako ospitalea

1989/01/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urriako egun eguzkitsu batean joan ginen lehenengo aldiz Donostiako Igeldo auzoan dagoen Arrano-etxea izeneko tokira. Egun hartan, beda ireki berria zen eta ehiztarien tiroen danbatekoak etengabe entzun genituen hegaztiak sendatzeko zentru honetan egin genuen egonaldian.
Hamazazpi draia atera zizkioten aztore honi. Bi hegoak bendaturik dauzka.

Egoera ironikoa zen neurri batean, ezen Josean Albisu mediku donostiarrak zuzentzen duen Arrano-etxean, ehiztariek tiroz jotako hegazti harrapakariak bait dira bezerorik ugarienak. Hegaztien errekuperaziorako hiru zentru edo egoitza daude Euskal Herrian: Igeldoko hau, Arabako diputazioaren zentrua eta Nafarroako diputazioarena. Zentru hauetan arrazoi desberdinez zauritutako edo gaixotutako hegaztiak tratatzen dira. Gainera, kasu gehienetan harrapariak izaten dira hegazti horiek. Guk horrelako zentru batek nola funtzionatzen duen jakin asmoz Josean Albisu pediatrarengana jo dugu: berak zuzentzen bait du Igeldoko Arrano-etxea.

Elhuyar- Nola hasi zinen lan honetan?

Josean Albisu-

Afizioz hasi nintzen. Neri animalien kontuak asko gustatu zaizkit beti eta nere etxea zoologiko txiki baten modukoa izan da. Lehenago Antiguan bizi ginen pisu batean eta han animalia asko izaten genuen etxean. Hona Igeldora etxe honetara bizitzera aldatu ginenean, jardina daukagunez beste aukera berri batzuk sortu zitzaizkidan etxean animaliak izateko. Hegazti-ospitalearen arazo honekin duela hiru urte hasi ginen. Zaletasun hutsagatik gainera.

E- Zenbat animalia daukazu une honetan?

J.Albisu-

Egia esan ez ditut banan-banan kontatu, baina 50 bat daude etxean orain. Gehienak hegazti harrapariak dira. Urrian asko handitzen da hona ekarritako animalien kopurua. Badakizu, beda irekitzen da eta... Hala ere, ehiztarien artean bi motatakoak dira eta zeri tiro egiten diotenaz arduratzen direnak ere bai. Lehengoan, Landarbason oilagorretan zebilen ehiztari bat etorri zitzaigun eskutan hamazazpi draia sarturik zeuzkan aztore batekin. Amorruz beterik zetorren, ze esan zigunez, bi tiro entzun zituen eta, danba, aztorea bere oinetara zauriturik erori bait zen. Aztoreari tiro egindakoa harrapatu izan balu, akabatuko zukeela esan zigun. Honek aztorea espezie babestua eta urria zela bazekien.

E- Hamazazpi draiak gorputzean zituelarik, hilda egongo da dagoeneko, ezta?

Josean Albisu.

J.Albisu-

Ez draiak atera egin genizkion, buruan zeukana izan ezik, eta oraindik bizirik dago eta itxuraz osasun-egoera onean.

E- Hona ekarritako animalietatik zenbat osatzen dira azkenean?

J.Albisu-

Beno, mendian libre berriro uzteko moduan, gure kasuan behitzat, ekarritako hegaztien %10-15 egoten da. Lehenengo begiratuan ez dirudi oso zifra altua denik, baina benetan bada. Bibliografian aipatzen denez, %4 berreskuratzea oso zifra ona da. Guk hemen izaten ditugun emaitzen arabera, %15-25 lehenengo astean hiltzen dira, %30-40 elbarritutik gelditzen dira eta ezin dira askatu eta %10-15 askatzeko modukoak dira.

Dena den hemen beste arazo bat ere badaukagu, giza marka edo inpregnazioarena alegia. Hegaztiak hemen pasatzen duten denboran, gizakiengana ohitzen dira, beren eskuetatik jatena hartzen dute eta naturan duten izua galtzen dute neurri batean. Hori ez da ona gero mendian libre ibiltzeko. Guk mendian askatzen ditugunean, ez ditugu hemendik gertu askatzen. Bestela hemen izango genituzke jan-eske egunero bertan jaten eman diogulako. Giza markaren arazoa larriagoa bilakatzen da gizakiarekin denbora luzez egoten denean.

E- Ba al dago giza marka txikiagotzeko biderik?

Lurjota dago miru gorri hau. Eskuineko hegoa bendaturik dauka. Bigarren bisitaldia egin genuenean bere burua zutik mantetzeko gauza zen.

J.Albisu-

Egon badago. Bitarteko handiak behar dira. Elikadura automatikoki ematea, gizakia ahal izanez gero ez ikustea eta gero animaliak askatzen direnean makilaz edo izutzea... Guk hemen ez daukagu horrelako bitartekorik.

E- Lehenago zera esan diguzu: hona ekarritako animaliak urrian asko ugaltzen direla ehiza dela eta. Zein da animaliak hona ekartzeko kausarik nagusiena?

J.Albisu-

Traumatismoak dira gehienbat hona ekarritako hegaztiek dituzten zauriak; %70 gutxi gorabehera. Traumatismoen alorrean, tiroak, kablekin eta automobilekin izandako talkak eta zepoek sortutakoak hartzen dira kontutan. Beste asko habiatik eroritako kumeak dira: %20. Honelako kasuak udaberri eta udan gertatzen dira. Gero proportzio txikiagoan animalia gatibuak (%5), pozoinketa (%3) eta nekea (%2).

Uda honetan oso kuriosoa izan da. Ez dakigu zergatik, baina inoiz baino hegazti goseti gehiago izan dugu. Itsas hegaztiak ziren: zangak eta kaioak.

E- Jardinean dituzun hegazti askok hegoak bendatuak dauzkate eta batzuk iltze modukoa ere bai. Zertarako da hori?

Zapelatz liztorjalea; Arrano-etxeko bezeroetako bat.

J.Albisu-

Hegaztiak hegoak puskatuta dituztela etortzea oso arrunta da. Beraz, hegoak lotu egin behar izaten dizkiegu higi ez ditzaten eta hezurrak solda daitezen. Batzuetan, iltzea sartu behar izaten diegu hezurrei eusteko. Ez da lan erraza. Kontutan hartu hegaztien hegoko hezurrak asko eta oso hauskorrak direla.

Ebakuntzak egiteko kirofanorik ez dut eta hementxe mahai gainean jarri, anestesia eman eta egin beharrekoak egiten ditut.

E- Honelako lanak kostu handia izango du. Laguntzarik ba al duzu?

J.Albisu-

Hasiera batean ez nuen laguntzarik, baina orain Diputaziotik dirua jasotzen dut. Arantzadi eta Diputazioaren artean hitzarmen bat egin dute honelako lanak burutzeko. Ni Arantzadiko partaide naiz eta Arantzadi elkartea ordezkatzen dut Diputaziotik dirua jasoz.

Hegazti migratzaileak ere badaude. Zikoina hau Txekoslovakian eraztundua zegoen.

Pentsa ezazu nahiz eta hegazti hauek kalitaterik hobereneko haragirik jan ez, haragia jaten dutela. Eguneko 2.500 pta kostatzen zait animalien jatena, hots 80.000 pta inguru hilabetero eta Diputazioak 27.000 pta ematen dizkigu.

Hemendik aurrera, hitzarmena sinatu ondoren, hobeto ibiliko garela uste dut. Orain arte fabore eske ibili behar izan dut materiala behar izaten nuenean; tornu zahar bat zeukan dentista ezagun bati hura eskatuz adibidez. Bestalde etxeko hozkailua, animalientzako janariz beterik neukan. Eskerrak Diputazioak izozkailu bat berriki eman digunari.

Gizon baten zaletasunari esker existitzen da hegaztien errekuperaziorako Gipuzkoako zentru bakarra. Zauritutako animalien arazoa konpontzeko honelako hau bide egokiena denik ez dirudi. Gure aburuz kasu horiei aurre egiteko zentru espezializatu bat, nahikoa pertsonal eta tresneria egokiz hornitutakoa, zabaldu beharko luke Diputazioak, Jaurlaritzak edo beste erakunde ofizialen batek. Josean Albisuren moduko zaletu (ero agian) batzuen esfortzuak guztiz txalogarriak izanik ere, ez da gure gizarteak eman behar duen erantzuna.

Gaueko hegazti harrapariak dira gehien zauritzen direnak. Urubia.

Arrano-etxea 1986.ean antolatu zen eta bertara urtez urte eraman izan den animali kopuruak gora egin du: 1986.ean 42 izan ziren, 1987.ean 74 eta 1988.eko lehenengo hamar hilabeteetan 109.

Joan den urteko lehenengo 10 hilabeteetan 32 hegazti-mota desberdin eta ugaztun-mota bat (lepazuri bat alegia). Hauek izan dira Arrano-etxera eraman diren hegazti ugarienak: Hontza zuria (13), belatz txikia (12), urubia (11), zapelatz arrunta (10), zanga (7), gabiraia (6), kaio hauskara (5) eta apo-hontza (4).


Gu bertan egon ginenean, irudiko belatza zen dudarik gabe Arrano-etxeko izarrik distiratsuena. Izan ere ez bait zen gure artean topa daitekeen belatzetakoa. Animalia gainera ederra zen, dotoretasuna eta xarma zerizkiolarik. Ikusi genuen bezain laster horrelako bat izatearekin egin dugu amets, nahiz eta hori seguruenik ezinezkoa izango dela jakin.

Sakre belatza.

Sakre belatza da, Ekialde Hurbileko belatza alegia.

Apiril aldean Bretainiako kostaldetik 100 miliara zebilen arrantzuntzi batean, lurjota zegoelarik, pausatu egin zen. Atzaparretan uhalak zituen, aztore-ehizean erabiltzen diren uhal txikiak hain zuzen ere, eta yate edo transatlantikoren batetik ihes egin zuela uste da. Sakre belatzak asko estimatzen dituzte arabiarrek aztore-ehizean erabiltzeko.

Joan den abenduaren batean Arrano-etxetik abioiz bidali zuten Hungariara Sakre belatza berreskuratzeaz arduratzen den zentru espezializatu batera. Giroratze-tarte baten ondoren belatza askatua izango da. Hungarian Sakre belatzen populazioa berreskuratzeko kanpaina egiten ari dira azken hamarkadatan. 1937.ean 14 bikote besterik ez ziren gelditzen. Egun ordea, 40tik gora daude.

Sakre belatz honek 7 hilabete egin ditu guztira Arrano-etxean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia