}

Igel ilunek hobeto egin zioten aurre Txernobylgo erradiazioari

2022/09/21 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

igel-ilunek-hobeto-egin-zioten-aurre-txernobylgo-e
Txernobylen harrapatutako ekialdeko zuhaitz-igelak (Hyla orientalis) Arg. Germán Orizaola/Pablo Burraco, CC BY-SA

Txernobylgo eremu babestuko igelak ingurukoak baino ilunagoak dira. Izan ere, melaninak erradiaziotik babesten du, eta litekeena da istripua izan zenean, igel ilunek hobeto aurre egin izana erradiazioari, eta horiek ugaritu izana inguru horretan. Horixe iradokitzen du Evolutionary Applications aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek.

2017 eta 2019 artean, 189 ekialdeko zuhaitz-igel (Hyla orientalis) aztertu zituzten, erradiazio-maila desberdineko 12 puntutan (batzuk eremu babestuan, eta besteak kanpoan). Eta azalaren koloreaz gain, neurtu zuten igel bakoitzak jasotako erradiazio-dosia eta oxidazio-estresa.

Eremu babestutik kanpo aurkitutako ia igel guztiak berde distiratsuak ziren, espezie horren ohiko kolorekoak. Eremu babestuan, berriz, nabarmen ilunagoak ziren, batzuk beltzak izateraino. Eta ikusi zuten istripuaren garaian erradiazio gehien jaso zuten eremuetan zeudela igel ilunenak. Aldiz, ez zuten loturarik topatu egun jasotzen duten erradiazio-mailaren eta kolorearen artean. 

Hala, emaitzek iradokitzen dute kolore desberdintasuna ez dela egungo erradiazioaren eragina, eta litekeena dela hasierako erradiazioak eragindako hautespen naturalaren eraginez izatea.
 

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia