}

Galileo, Ariane 5 eta Nazioarteko Espazio Estazioa, aurrera

2003/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Europako Batasuneko herrialdeek jaurtigailuen industria krisitik ateratzeko konpromisoa hartu zuten ekainaren hasieran Parisen egindako bileran. Ariane 5 jaurtigailu 'generikoa' berriz ere erabiltzen hasteko proposamena babestu zuten, baina jaurtigailuaren bertsio berriak ere sustatuko dituzte.

Horren erakusle da 2005-2009 urteen artean Arianespace konpainiaren zerbitzuak gehiago erabiltzeko programa. Gainera, jaurtigailuen industria berregituratu eta sendotzeko neurriak ere adostu dituzte.

ESA

Bestalde, Europako Espazio Agentziak Nazioarteko Espazio Estazioa (NEE) ustiatzeko behar duen diruaren zati bati blokeoa kendu diote. Diru hori blokeatu egin zen Estatu Batuek hartutako konpromisoak beteko zituztela ziurtatu arte, eta EEArentzat funtsezkoa zen estazioa erabili eta materiala garraiatzeko eraiki nahi duten ontziarentzako.

Azkenik, Galileo proiektua martxan jartzeko adostasuna lortu dute. Galileo nabigazio sistema bat da, GPSaren antzekoa, baina zibila eta europarra. Hogeita hamar satelitek osatuko dute Europako Espazio Agentziak eta Europako Batasunak sustatutako proiektua, eta 2008an egongo da erabilgarri. Egitasmoa funtsezkotzat jo dute hasieratik bi sustatzaileek, baina Europako Batasunean ika-mikak egon dira orain arte, estatu bakoitzak zenbateko parte-hartzea izango zuen erabakitzeko. Izan ere, ordaindutako zerbitzua denez, urtean 10.000 milioiko merkatua zabalduko duela iragarri dute adituek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia