Ig Nobelak: zientziaren sari barregarrienak
2007/10/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
(Argazkia: Annals of Improbable Research ).
Adibidez, duela gutxi PNAS zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerketa baten egileei eman diete aurtengo Abiazioren Ig Nobela. Ikertzaileak Argentinako Quilmes unibertsitatekoak dira, kronobiologiako sailekoak hain justu, eta hauxe frogatu dute: Viagra hartuta, hamsterrek normalean baino errazago gainditzen dutela jet-laga edo hegaldi luzeek sortzen duten ondoeza.
Deigarria, ezta? Medikuntzako saria jaso duen ikerketaren emaitza, aldiz, erabat logikoa da: ezpatak ahotik sartzeak ondorio kaltegarriak sortzen ditu esofagoan eta urdailean. Hori frogatu dute bi sendagilek, 16 herrialdetako 110 ezpata-jalerekin esperimentua egin ondoren. Gainera, ikusi dute batez ere arreta galtzen dutenean zauritzen direla ezpata-jaleak.
Kimikako Ig Nobelean, berriz, ezpata ez, behi-gorotza da protagonista. Hain zuzen, behi-gorotzetik bainila-esentzia nola erauzi ikertu duenari eman diote. Japoniar bat da, Mayu Yamamoto, eta haren ohoretan izozki bat sortu du Cambridgeko izozki-denda ospetsuenak. Toscanini's Ice Cream izena du izozki-denda horrek, eta sari-banaketaren zeremonian aurkeztu zuen izozki berria.
(Argazkia: USDA)
Janaria azaltzen da Nutrizioko Ig Nobelean ere, nola ez. Saritu duten ikerketan, argitu nahi zuten ea jateko zenbat dagoen jakiteak eragiten duen jaten den kantitatean eta asetzean. Horretarako, hustu ahala bere kabuz betetzen zen platera erabili zuten, eta jendea zenbat zopa jateko gai zen neurtu zuten.
Ohea, banku-lapurrak eta bakea
Eta mahaitik, ohera, bi arlotako sarietan azaltzen baita ohea, Biologiakoan eta Fisikakoan. Lehenengoa ohean bizi diren akaro, armiarma, krustazeo, bakterio, alga, onddo, garo eta bestelako bizidunen errolda egin duen ikertzaileari eman diote. Ikerketa hori ikusita, inork ezin du esan lo bakarrik egiten duela! Fisikakoa, berriz, maindireak zimurtzearen fisika eta geometria aztertu duten bi fisikariri eman diete, bata, Harvard Unibertsitatekoa, eta bestea, Txileko Santiagokoa.
Hizkuntzalaritzako Ig Nobela Bartzelonako Unibertsitateko hiru ikertzailek irabazi dute, arratoiekin egindako lan bati esker. Ikertzaileek frogatu dute arratoiak batzuetan ez direla gai japoniera eta nederlandera bereizteko, hizkuntza horietan atzekoz aurrera hitz eginez gero.
(Argazkia: OME/PAHO)
Onartu beharra dago ikerketa hori ez dela oso erabilgarria. Ekonomiako Ig Nobela irabazi duena, berriz, oso praktikoa da. Izan ere, banku-lapurrak harrapatzeko sarea jaurtitzen duen gailu batek lortu du saria. Taiwandar batek asmatu du, eta patentatuta dauka. Kontuz ibili, beraz, bankuren bat lapurtzeko asmotan bazara!
Azkena Bakearen Ig Nobela da. Estatu Batuetako Ohioko Aireko Indarren Laborategiak irabazi du. Bakearen saria, militarrentzat? Bada, bai, bonba gay-a asmatzeagatik, hain justu. Bonba horrek homosexual bihurtzen ditu etsaiak, eta horrek soldaduen moralean eta diziplinan eragingo lukeela uste dute. Zalantzarik gabe, hamaika ikusteko/entzuteko jaioak gara!
Sari-banaketa , urtero bezala, Cambridgeko Harvard Unibertsitateko Sanders antzokian egin dute, eta benetako Nobel saridunek eman dizkiete sariak irabazleei. Zorionak, eta eskerrik asko zientziaren alderdi xelebreena erakusteagatik.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia