Elhuyar zientziaren komunikazioa

Ibai-amuarraina, urlasterretako erregina

1994/12/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Ibai-amuarraina

Nire ohitura bati jarraituz, gaurkoan ere zubitik pasatzean lepoa luzatu eta herriko errekari begirada bat bota diot. Beti bezala, 6-8 arrain ikusi ditut eta tximista bezala gorde dira uretara harri koxkor bat botatakoan. Niri beti 6-8 amuarrain egon direla iruditzen bazait ere, aurreko belaunaldikoek diotenez, “garai batean askoz ere gehiago” egoten omen zen... Amuarraina dugu, zalantzarik gabe, Euskal Herriko ibai eta erreketako arrain adierazgarriena. Arroka, urjauzi eta korrontea dituzten ur garbietako animalia tipikoa da.

Zientifikoki Salmo trutta izenez ezagutzen den amuarrain-espeziearen barruan bi barietate bereizten dira: ibai-amuarraina ( Salmo trutta fario ) eta itsas amuarraina ( Salmo trutta trutta ). Bien arteko ezberdintasun bakarra itsas amuarraina migratzailea izatea da, ibaiakoak joera hori galdu egin duelarik.

Ibai-amuarrainak ur bizkorretara bikain moldaturiko gorputz luze eta liraina du. Buru sendoan begien atzealdearen pareraino heltzen den aho zabal eta hortzez hornitua du. Buruaren eta buztanaren artean, 110-125 ezkata dituen lerroa bereiz daiteke.

Negargarria da gaur egun gure ibaiek daramaten martxa. Ur zikinezko isurketek, kanalizazioek, zuhaitz-mozketek eta beste hainbat ekintzek ibaietako erreginari etorkizun iluna eskaintzen diote.

Animalia honen tamainari dagokionez, oso desberdina izan daitekeela esan behar da. Izan ere, amuarrainaren tamaina, eskuratzen duen janari, habitat, eta uraren tenperaturaren menpekoa da. Ur gutxiko erreketan 15-20 cm-ra heltzen bada ere, urtegi eta ibai handietan 400 g eta 6-8 kg bitarteko pisua lor dezake, 60-90 cm-ko luzera izatera heltzen delarik.

Kolorazioa, berriz, oso bitxia da. Bizkarra, berde ilun, arre more eta gris artekoa izan daiteke, sabela eta azpialde guztia, argiagoa delarik (hauskara edo zuriska). Gainera, amuarraina orban beltz eta gorri distiratsuz dago apaindua, oso janzkera deigarria duelarik.

Amuarraina igerilari iaioa da. Mugitzeko, gorputzeko muskulu indartsuak uzkurtzen ditu eta buztana aldeetara astintzen du, 40 km/h-ko abiadura lortuz. Dituen 7 hegatsei esker, higidura izugarri kontrolatzen dute uretan. Hegats hauek, lema, balazta eta oreka funtzioa dute eta amuarrainari norabide- eta abiadura-aldaketa harrigarriak egitea baimentzen diote.

Arrain eder hau haragijalea da batipat eta ahora dezakeen edozer gauza jan dezake. Tripazale handi hau errekan gora begira egoten da urak ekar lezakeen edozein janariren zain. Besteak beste, intsektuak, arrautzak, larbak, krustazeoak, zizareak, harrak eta tamaina txikiko ornodunak jan ohi ditu, kanibalismoa arrunta delarik. Sarri askotan uren gainaldean ikus dezakegu hegaz dabilen eltxoren bat harrapatu nahirik. Ahalegin horretan jauzi galantak egin ditzake.

Harrapakaria ezezik, amuarraina zenbait animaliaren harrapakin ere bada, eta igaraba, suge gorbataduna, eta batez ere gizakia dira amuarrain-harrapakari nagusiak. Gizakiaren arrantza-presioaren berri izateko hona hemen datu batzuk: 1993an Nafarroako ibaietan arrantza egiteko 32.000 baimenetik gora eman ziren eta Gipuzkoetarako 9.000 inguru. Harrapaketen kopurua, noski, handia da eta urte berean Arabako arrantza-esparruetan 23.000 amuarrain harrapatu ziren.

Banaketari dagokionez, Ipar Hemisferioko salmonido arruntena da eta Europa guztian topa dezakegu. Hau aipatutakoan, etengabeko birpopulazioak direla eta banaketa naturala zein den ez dagoela oso garbi gogoratu behar da. Euskal Herriari dagokionez, ibaien goi eta erdiko ibilgunetan ager daiteke, bai isurialde atlantiarrean, bai isurialde mediterraniarrean Ebro ibaiaraino.

Ur garbi, fresko (6-17 gradukoa) eta oxigenatuak behar ditu bizitzeko. Dirudienez, arnasketa burutzeko, gutxienez 9 mg oxigeno behar ditu litro ur bakoitzeko eta kantitate hau, 20 gradu C-tik beherako tenperatura duten ibaietan egoten da. Tenperaturak 22 gradutik gora denbora luzez dagoenean, amuarraina hil egiten da, urjauzi handiak edo landaretza ugaria ez badaude behintzat; hauek uretako oxigeno-kontzentrazioa handiagotzen baitute.

Amuarrainak bizitza gautarra du gehienbat. Lurraldekorra da eta ale bakoitzak bere lurraldea defendatzen du, jana eta gordelekua segurtatzeko. Bakarti bihurtzen dira eta beti gordelekutik hurbil egon ohi dira, arriskurik baldin badago “brizt” batean gordetzeko.

Gutxitan harrapatuko dugu amuarraina ezustean. Ikusmen zorrotza du eta uretako edozein uhin edo bibrazio nabari dezakeen sistema berezia du.

Ugalketa urriaren bukaeratik otsailera bitartean izaten da, udaberria arte luza badaiteke ere. Errutera, ibaian gora abiatzen dira ur garbi eta oxigenatuenak bilatuz. Leku aproposa bilatu dutelarik, emeak 20-25 cm diametroko zuloa egingo du hondoari sabelarekin eta buztanarekin eraginez eta uharri artera arrautzak askatuko ditu. Une horretan arrak hazia kanporatuko du, ernalketa gerta dadin. Berehalaxe harritxoekin estaliko dute errundakoa, urak eraman ez dezan.

Eme bakoitzak, amuarrain kilo bakoitzeko 3-5 mm-ko 1000-2000 arrautza gorriska errun ditzake. 45-60 egunen buruan (uraren tenperaturaren arabera), lehenengo egunetarako bitelo-zakua duten kumeak jaioko dira. Heldutasun sexuala bi urte geroago helduko da arraren kasuan, eta emeak urte bat gehiago beharko du.

Oro har, azken urteotan amuarrain-populazio basatiek behera egin dutela esan daiteke. Batetik, poluzioa nabarmena da ibai askoren ibilguan zehar eta bestetik, amuarrainarentzat kanalizazioak, zuhaitz-mozketak, zentralak, neurririk gabe harrapatzeak eta beste hainbat ekintza kaltegarri gertatu dira.

Bestalde, hainbat errekatan birpopulazioak egin dira (gehienetan arrantzari begira). Hau dela eta, amuarrain-populazio handiak topa litezke normalean askatzen diren lekuetan.

Aukera izanda, ez genuke berri pozgarri bat eman gabe gelditu nahi. Gure eskualdeko hainbat erreka eta ibai poluitu eta galtzen ari badira ere, beste batzuen egoera hobea da gaur egun duela urte batzuetan baino. Honen arrazoia, poluzioa murriztea izan da, zoritxarreko industriaren beherakadagatik edota arazketa-planta batzuk ezarri direlako. Adibidea, Oria ibaia izan liteke, eta gaur egun amuarrain dotoreak ikus daitezke Tolosan bertan, duela urte gutxi hilik zegoela kontsideratzen zen ibaian. Ea honelako berriak maizago entzuten ditugun!

Espeziea: Salmo trutta
Familia: salmonidoak
Ordena: salmoniformeak
Klasea: osteiktioak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia